Orain urte erdi bat sortu zen Zaparraie Azpeitiko euskara taldea. Herrian euskalgintzak eta herri mugimenduak egindako lanari segida emateko eratu genuen, helburutzat hartuta herritarren kontzientzia linguistikoan eta nazionalean eragitea eta euskararen sustapena.
Historikoki zapaldutako hizkuntza da euskara; Bizkarsoro filmaren emanaldian ere ikusi genuen hori. Euskara berreskuratzeko eta hedatzeko lanean gabiltza administrazioa, eragileak eta herritarrak. Azpeitian asko egin dugu denon artean, baina asko dago egiteko euskaraz bizi gaitezen noiznahi eta nonahi. Guztion erantzukizuna da.
Hizkuntza eskubideak eta euskararen erabilera izan da Zaparraieren ardatz nagusia orain arte. Herriko 400 entitateri (merkataritza, ostalaritza, elkarteak…) euskara erabiltzeko eskatu diegu, bakoitzari gutuna bidalita. Era berean, paisaia linguistikoaz iruzkinak egin ditugu sarean. Azpeitian ia %90ek dakigu euskara, baina gabeziak dauzkagu. Adibidez, salaketak izan dira gure 23 iruzkin, euskararen urraketak; lagin txiki bat baino ez da hori, halako askoz kasu gehiago daudelako.
Oinarri-oinarrian, Azpeitian eta Euskal Herrian hizkuntza kontzientziaren indarberritze bat behar dugu. Euskaldunak gara, euskara da Euskal Herriaren hizkuntza eta euskaraz bizitzeko ahalegina egitea dagokigu. Funtsezkoa da hizkuntza politika ausartak garatzea, eta, era berean, funtsezkoa da herritarrok geure burua ezinbestekotzat jotzea euskararen berreskurapenerako. Hartu edo indartu dezagun kontzientzia.
Bide horretan, taldearen urte erdi honetan, formazio saioak ere egin ditugu ikasleekin (momentuz, Ikasberri ikastolan eta Kilometroetako Mihiluze saioa), eta kanpaina batzuk ere bai (errenta aitorpena euskaraz eta tiobiboetan euskaraz eta euskal musika). Ekintza gehiago egingo ditugu (adibidez, ekainaren 12an, Gorka Torreren hitzaldia). Neurri gehiago ere hartuko ditugu.
Ondorioz, ekinean segituko du Zaparraie euskara taldeak; sorrera garaian genioen bezala, kontzientzian eragiteko prest. Bizi euskaraz!