Ertzaintza Palestinaren aldeko mobilizazioak zelatatzen ari dela salatu du berriro Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko ira. 2a, 11:50

Herritarrak Sanjuandegiko biribilgunean joan den abuztuaren 29an, Elkar-ekinek deitutako mobilizazioan. (Ihintza Elustondo)

Taldearen arabera, poliziak argazkiak ateratzen ibili dira Sanjuandegiko biribilgunean egin diren elkarretaratzeetan; uztaileko protestaren ondoren gauza bera salatu zuten. Jokaera horiek herritarren biltzeko eta protesta egiteko eskubidea urratzen dutela salatu du Elkar-ekinek.

Ohar honen bidez honakoa salatu nahi dugu: Elkar-ekinek Palestinari elkartasuna adierazteko, genozidioa gelditzeko eta Israeli boikota eskatzeko antolatu dituen mobilizazioak grabatzen ibili da Ertzaintza uztailean eta abuztuan.

Uztailaren 4an egin genuen mobilizazioan, kalez jantzitako hiru polizia argazkiak ateratzen ibili ziren mobilizazioak iraun zuen denbora guztian zehar, eta hura amaitu zenean kotxe batean sartu eta joan egin ziren.

Abuztuaren 29an egin genuen mobilizazioan, uniformez jantzitako ertzainek gutxienez bi itzuli eman zizkioten biribilguneari, eta bazter batean gelditu ondoren, argazkiak ateratzen aritu ziren. 

Argi utzi nahi dugu orain arte egin ditugun mobilizazio guztiak baimenduak izan direla. Gure ustez, Ertzaintzaren jokaera horiek ez dute inolako justifikaziorik.

Gure mobilizazioak grabatzeak lan politikoa egiteko gure eskubidea urratzen duela uste dugu, baita mobilizazio horietan parte hartu duten herritarrek elkartzeko eta protesta egiteko duten eskubidea ere. Are, Palestinako egoera zein den ikusita, herrialde horrekiko elkartasunez egiten ari diren mobilizazioal zelatatzen aritzea bereziki larria dela pentsatzen dugu, eta datozen asteetan egingo ditugun ekintzetan jarduera horiek baztertzeko eskaera egiten diogu Ertzaintzari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide