Bizitza kontatzearen ezinaz

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2024ko aza. 2a, 11:00

Artedramakoak 'MiƱan' taularatzen, herenegun, Soreasun.

Ikasleekin batera ikusi zuen Artedramaren Miñan herenegun, Soreasun, Ignacio Arakistainek. Hau da atzo 42. Euskal Antzerki Topaketak ireki zituen antzezlanaz idatzi duen kritika.

Ikasleen altzoan eseri naiz gaurkoan Soreasuko besaulki patioan. Eskola orduez kanpoko ekintzek sorrarazi ohi duten zirrara ere partekatu dut neuk, beti baita emozionantea Euskal Antzerki Topaketen edizio berri bat martxan jartzea. Bihar igoko zaie antzerkiz betetako asteei ofizialki teloia, baina urriaren azkenean herriko nerabe zenbaitek oholtzaren bestaldean esertzeko aukera izan dute, eskaini dietenari arretaz so. Euskal antzerkigintzan ibilbide oparoa jorratua duen Artedrama konpainiak ondutako azken alea izan dugu dastagai, nazioartean ibilbide nabarmena izan duen Ibrahima Balde ginearraren ibilbide bitala azaleratzen duen Amets Arzallusek idatzitako Miñan liburuaren antzerkirako bertsioa. Ahotsez eta gorputzez bikain dramatizatua, bai horixe. Taldeak azken urteotan ohikoak izan dituen gertuko memoriaren gaiak alde batera utzita —nabarmentzekoak Francoren bilobari gutuna edota Hondamendia—, puriagoan egon ezin den gai arantzatsu bezain gordin bati egiten diote oraingoan hozka. Herrialde propioa uztera bultzaturik, periplo latza tarteko, arrotz jasotzen dituen beste mugalde batzuetara bidaiatzen –biaje deitzerik bada horri– dutenen azalean jarri dira aktoreak. Mardula erronka.

Istorio erreal bat taularatzerakoan, protagonista errealak hezur-mamitzeko ardura bere gain hartzen duen aktoreak badu horrelako erantzukizun eta karga emozional gehigarri bat. Kasuon, Sambou Diabyk bizkarrean darama etengabe obraren zama narratiboa. Orainaldiko kontakizunak zein ibilbidean zehar marraztutako eszenak bere ahoskera eta tonu garbiarekin alderatuz, ikusleak modu errazean jarraitu ahal du trabesiaren puntu oro. Aitaren izotzezko heriotza kontenplatzen duen haurraren begiradatik, azkenik itxaropen ate gisa begitandutako Europa zaharrera bidaiatzen duen gizaseme sufrituaren espresiora dagoen arkua bikain gorpuztu du Diabyk. Intentsitate dramatikoaren soka tenkatzea eta tentsio horri etengabean eustea, biak aise burutuak. Antzeman dizkiogu itsasoa zeharkatzean amaz, aitaz eta bihotzeko miñananaia txiki, pularrez– maitatuaz oroitzen den oraindik Ibrahima gazteari bidearen oztopoak, lorratzen zaurituak. Oholtzara ezin hobeki ekartzen baititu Artedramak Gineako amaren gaixoaldia, basamortu latza zeharkatzean ikusitakoak, bizitzeko baino pairatzeko eraikia den Libia lazgarrian jasanak edota pertsonekin ahuntzen arteko komertzioaren parekoa ezarria dutenen lotsabako jarrera inhumanoak. Gordina da ikuslegoari erakusten zaiona, eta are gordinagoa Ibrahima ugarik beren sufrikario propioa etengabe pairatzen dutela jakitea. Ander Lipus beteranoak, berezkoa duen umorea eskaintzen die bere gorputzetik sortutako pertsonaia hainbati. Eta sorpresa fresko eta aipagarri gisa, Eihara Irazusta eta Mikel Kayeren interbentzioak. Euskal eszenan talentu gazte berriak badirela frogatzeko ere balio izan digu, beraz, gaurko emankizun aberatsak.

Aipatuko nuke, soiltasunera itzulera bat ere badela Lipus eta konpainiak oraingoan sukaldatua. Kontatu nahi denak berak potentzialitate puntakoa izanda, artifizioak soberan daude. Bizitza kontatzearen zailtasunak aipatzen dira; zer hobe, kontatzen hasteko, apaindurarik gabeko oinarrira itzultzea baino. Jose Pablo Arriaga markinarrak ondutako eszenografia sotil bezain finak eta horrekin eginiko mugimenduek —herrestan sortutako mugitze sonoroak barne– marko neurtua eskaintzen diote narratibaren konplexutasunari. Bizitzaren eta heriotzaren arteko kinka horretan dirau obran zehar protagonistak. Mina sufritzeko ere eskubidea ukatua duenak, instantean bizi behar du nahitaez. Etorkizuna ostua du orainaldiari aurrez aurre begiratzeko ere lanak dituenak. Bada antzezlanean zehar labankada baten gisan kolpatzen zaituen esaldi bat. Halaxe dio Ibrahimak bere herrialdera ez itzultzearen arrazoiez buruz ari denean: "Nik ez dut merezi nire amaren begiek ni ikusterik". Besaulkietan eseririk ziren nerabeei gisakoak entzuteak barnean zerbait eragingo zienaren esperantzarekin atera naiz antzokitik. Paregabea iruditu baitzait gazteenekin konpartitzea Artedramak prestatua. Badelako asimetria printzipio nabarmen bat eskolarizatutako gazteek oholtzan antzeztua ikusitakoaren eta piezaren mamitzat hartutako gisako gaztearen bizitza latzaren artean.

Hausnarketara bidea, beraz, begiaurrean egungo munduaren arrakalak aurkezten dizkigun hautsitako ispilu deformeak itzulitakoa. Zoazte Miñan ikustera!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide