Boteprontoan

Pedrori, txaloa

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2024ko aza. 21a, 08:30

Pedro Otaegi Txalo sariarekin, azaroaren 2an, Sanagustinen. (Iraia Oteiza)

Ignacio Arakistainek 2024ko azaroko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ba ote aulkitik altxatu eta begiaurrean ikusi berri dena eskertzeko eskuen zartadez eragindako txalo zaparrada baino ederragorik? Elikagai zaio publikoaren espresio adierazkorra artista orori. Azpeitian, azaroa antzerki hilabetea izan ohi da. Badaramatza herriak lau hamarkada pasatxo euskal antzerkigintzaren habi bilakatzen udazken betero. Aurten ere, izango da parada gure inguruetako aktoreek prestatutakoaz gozatzeko. Teatroak errotuak baititu sustraiak egun gorrixka koloreak soinean daramatzan Izarraizpe ederrean.

Eta zor diogu herentzia eszenikoa, isilean lanean aritu ostean, motelki itzaltzen doan belaunaldi aitzindari hari. Imanol Elias ez aipatzea bekatua litzateke, Pilar Aizpitarte edo Iñaki Bergara Pio-k ere Olinpo teatreroan leku propioa bereganatua dutela ukatzea bezainbeste. Lehenak sortu zuen Antxieta taldea. Ondoren etorriko zen Lakrikunen lehen hazia, eta egun herriko dinamikaren –haurren, nerabeen eta helduen antzerki tailerrak– aitzineko lorratz. Pedro Otaegiri eginen dio omen aurtengoak. Gizon zintzoa, irribarre gozoz blaitutako plantaduna. Ahaztezinak zenbait lan: Goenkale ala Urte berri on, amona!. Goza ezazu, Pedro, aho batez eskaintzen dizugun Txaloa!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide