Emakumearen Eguna dela-eta, elkarretaratzea egin dute ikasleek

Uztarria.eus 2012ko mar. 8a, 13:52

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, herriko ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzea egin dute sahiesbideko biribilgunean, 12:00etan hasita. Ehundik gora ikasle elkartu dira 'Aldekta feminista Euskal Herrian' lelopean.

Elkarretaratzea Bilgune Feministak gaurko egunera begira antolatu dituen ekimenetako bat izan da. Izan ere, gaur 19:30ean beste elkarretaratze bat egingo dute plazan. Arratsaldeko elkarretaratzea eta gero, 20:30ean, emakumeek afaria egingo dute Sanagustin kulturgunean.

Honatx gaurko eta datozen egunetarako ekimenak:

Martxoaren 8a, osteguna: 12:00etan hasita ikasleen elkarretaratzea sahiesbideko biribilgunean. Gero, 19:30ean, Eraldaketa feminista Euskal Herriarentzat lelopean elkarretaratzea, plazan. 20:30ean emakumeen afaria, Sanagustin kultugunean. Afarirako izena Sanagustinen bertan edo Emakumeen Txokoan eman daiteke.

Martxoaren 9a, ostirala: Hautsak eta Urrutiko Intxaurrak taldeen kontzertuak Orkatz tabernan, 22:30ean hasita. Bilgune Feministak Orkatz Kultur Elkartearekin elkarlanean antolatu du ekimen hau.

Martxoaren 10a, zapatua: 10:00etan hasita Autodefentsa Txokoa izango da, Emakumeen Txokoan. 21:00etan hasita Txotx Feminista eta erromeria izango dira Gaztetxean. Ikasleek eta langabetuek bost euro ordaindu beharko dituzte eta langileek zortzi euro. Ogitartekoak bertan salduko dituzte.

Martxoaren 11a, igandea: 'Sarean Zintzilikatuta' antzerkia izango da 19:00etan hasita, Gaztetxean. Edurne Agirrezabalak antzeztuko du, eta ikasle zein langabetuek hiru euro eta gainontzekoek bost euro ordaindu beharko dute.

Bestalde, martxoaren 9ra, ostirala, arte Sara Gomezen Ilunpeko bidaiak argazki erakusketa egongo da ikusgai Emakumeen Txokoan. 16:30etan zabaldu eta 20:00etan itxiko dute, egunero.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide