Sanjuandegin eta Garmendipen auzo-konposta egin nahi dutenentzako deialdia

Uztarria.eus 2013ko urr. 24a, 12:51

Azpeitiko Udalak Gugandik hasita kanpainaren baitan pausoak ematen jarraitzen du. Horrela, auzo-konposta egiteko hiru gune berri dira herrian; bi Sanjuandegin eta beste bat Garmendipe auzoan. Hiru gune horietako batean auzo-konposta egin nahi dutenentzako ikastaroa antolatu du Udalak, eta asteazkenean, urriaren 30ean, izango da, 18:30ean hasita, Betharram aretoan.

Azpeitian martxan diren auzo-konposta guneetan (Soreasu, Damaso eta Enparan) parte hartzeko aukera dago oraindik, eta gune horietakoren batean auzo-konposta egin nahi duena ere joan daiteke ikastarora. Era berean, norbere etxean auto-konposta egin nahi duena ere gonbidatua dago.

Bestalde, "edukiontzi marroia erabiltzeko" deia luzatu die Udalak herritarrei eta horretarako, Urola Erdiko Mankomunitatera (943 85 73 19) deitu behar dela gogorarazi du. Gainera, edukiontzi marroia jarri da Landetan, Akamendi inguruan, eta baita Loiolako Inazio Hiribidean (Babes ofizialeko etxeen ondoan) ere. Giltza behar dutenek Mankomunitatera deitu behar dute. Bestalde, Arria auzoan dauden bi edukiontzi grisetako bat kendu eta marroia ezarriko dela aurreratu dute Mankomunitateko arduradunek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide