'Urrutira joan gabe'

'Urrutira joan gabe' saioaren hirugarren denboraldia bihar jarriko da abian

Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 19:00

Erlo Guka Telebistak Urola Kosta eskualdean egin daitezkeen ibilaldiak Urrutira joan gabe saioan jasotzeko apustua mantenduko du beste urte batez. Dena den, ordutegi eta aurkezle berriak izango ditu saioak; Mireia Galarza kazetariak zuzenduta, asteazkenero 21:00etan ikusi ahal izango da saioa. Lehen atalean, Aizarna bisitatuko du Galarzak.

Urrutira joan gabe saioa bueltan da. Bihar, asteazkena, hirugarren denboraldiko lehen atala eskainiko du Erlo Guka Telebistak. Ohiko bidetik, baina ordutegi berria izango du aurrerantzean saioak. Datozen sei asteazkenetan 21:00etan ikusi ahal izango da ibilaldiei eskainitako saioa Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) telebistan.

Egunarena eta ordutegiarena ez da berrikuntza bakarra; izan ere, Mireia Galarza kazetariak zuzenduko du denboraldi berria. Lehen atalean Aizarnan zehar egingo du hark ibilaldia; hain zuzen, Aizarnako plazatik Santa Engrazi ermitara arteko bidea egingo du kazetariak, eta horretarako, Agiro mendi klubeko Mikel Irureren laguntza izango du.

Guztira, Urrutira joan gabe saioaren sei atal eskainiko ditu UKTk hirugarren denboraldian. Saioa telebistan jarraitu ezin dutenek UKTren hedabide guztietan ikusi ahal izango dute saioa ostegunetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide