Piaspe proiektu eolikoa

Piaspe parke eolikoaren proiektuari ez dio ingurumen baimena eman Eusko Jaurlaritzak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 11a, 17:06

Elgeako zentral eolikoa.

Kontrako inpaktu adierazpena igorri dio erakunde horrek eskaera egin zuen Desarrollos Renovable Iberia enpresari, errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo luketen kaltea dela eta. Proiektua "bideraezina" dela dio Jaurlaritzak, besteak beste, hegaztiek azpiegituren kontra talka egiteko "arrisku" handia dagoelako. Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udalek adierazpen bateratua kaleratu dute, eta adierazi dute "ontzat" jotzen dutela Jaurlaritzaren ingurumen ebaluazioaren emaitza.

Norvegiako Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan eraiki nahi duen parke eolikoari eta haren ebakuazio azpiegiturei ez dio ingurumen baimena eman Eusko Jaurlaritzak. Ingurumen txosten negatiboa igorri dio erakunde horretako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzak eskaera egin duen Desarrollos Renovable Iberia enpresari, errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo luketen kaltea dela eta. Jaurlaritzaren arabera, aerosorgailuak jarri nahi dituzten eremuek "ingurumen sentiberatasuna" dute eta ustiapen eolikorako gaitasun gutxi.

Ebazpenean irakur daitekeenez, Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ebatzi du proiektua "bideraezina" dela ingurumen ikuspegiari dagokionez, ez baititu betetzen ingurumen babeserako ezinbestekoak diren hainbat baldintza. Horrek, gaur-gaurkoz, ezinezko egiten du proiektua gauzatzea; izan ere, hegaztien ugalketarako funtsezko guneak dira parkea kokatu nahi dutenak. Orotara, 93 hegazti espezie atzeman dituzte inguruotan, eta horietatik 25 babes bereziko hegaztien katalogoan sartuta daude eta hemezortzi mehatxupean diren espezieen artean.

Hegaztiek parkeko azpiegituren kontra talka egiteko "arrisku handia" izango luketela zehaztu du, halaber, erakundeak. Horregatik, "ardura eta kautela printzipioz" aplikatuta, eta ingurumen ebaluazioa oinarritu behar den prebentzio beharrean oinarrituta, "kaltegarritzat" jo dute Piaspe proiektua.

Sai zurien, sai arreen eta miru gorrien hainbat habi daude Statkraftek Sañoa mendian haize errotak jarri nahi dituen tokitik gertu. Enpresak osatu zuen txostenean adierazi zuen hegaztien hegaldi gehienak haize erroten palen mugimenduarekiko paraleloak zirela. Dena den, hori gezurtatu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko Fauna eta Flora zerbitzuak, hegaztiei jarritako GPS aparatuen bidez lortutako datuak mahai gainera eramanda. Hegazti harrapakarien azterketa egin dute, baina erakunde horrek esan du babes maila handiko beste hegazti batzuei ere egingo lieketela kalte haize errotek.

Bestalde, mendigune horretako 8.000 metro koadro baino gehiago eta interes komunitarioko 4,6 hektarea habitat betirako kaltetuko liratekeela ere esan du Jaurlaritzak txostenean.

Ontzat jo dute ebazpena

Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udalek ohar bateratua kaleratu dute, ebazpenaren berri izan eta ordu batzuetara. Haiek azaldu dutenez, hasieratik aldarrikatu dute energia proiektu guztiek hiru baldintza bete beharko dituztela: ingurumen babeserako bermeak eta ekosistemen zaintza; administrazio publikoaren kontrola eta herritarren parte hartzea, horrela jabetza publiko-komunitarioaren aukera bermatuz; eta sortutako energia tokiko energia kontsumoa asetzera bideratzea, lurraldearen auto hornikuntza eta onura soziala sustatzeko.

Erakunde horiek adierazi dutenez, "bistan da", proiektuak ingurumenean eragingo lituzkeen kalteak aintzat hartuta, lehen baldintza ez dela betetzen. Hori dela eta, udalek "ontzat" eman dute Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ebaluazioaren emaitza. Horregatik, egitasmoak eragindako lur eremuko bizilagunei ebazpenaren berri emango dietela ere jakinarazi dute erakundeek ohar bidez.

Bestalde, adierazi dute energia trantsizioaren aldeko konpromiso irmoa mantenduko dutela, betiere ingurumenaren babesa, tokiko onurak eta herritarren parte hartzea uztartuko dituzten proposamenekin.

Azpeitiko EAJk, berriz, X sare sozialean egin ditu adierazpenak. Alderdi horren aburuz, etorkizunerako beharrezkoak dira energia berriztagarriak, baina horiek ingurumen eskakizunekin uztartu behar direla esan du. "Beti esan dugu Sañoako proiektuak ingurumen tramitazio luzea pasatu beharko zuela gauzatzeko. Instituzioek eta legediak bete duten beren lana, eta gure ingurua babestu dute", erantsi du EAJk.

Harrabotsa sortu du

Piaspe parke eolikoaren proiektuak hasieratik sortu zuen harrabotsa Azpeitian eta inguruko herrietan. Proiektuaren berri zabaldu eta gutxira Sañu Bizirik taldea sortu zuten herritar hainbatek, eta protesta ugari egin dituzte ordutik. Gainera, udalak proiektuaren nondik norakoak azaltzeko batzarra egin zuen Soreasu antzokian, eta ikusmin handia sortu zuen hitzordu hark.

Proiektuak eragiten dien hiru udalek egin dituzte adierazpenak, bakoitzak bere aldetik, eta elkarrekin ere bai. Izan ere, proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioan, ingurumen inpaktuaren adierazpena eta hirigintza bateragarritasuna aztertu ondoren, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek elkarrekin alegazioak aurkeztu zituzten. Erakunde horiek esan zuten proiektuaren bideragarritasun teknikoa ez zegoela bermatuta.

bost airesorgailu jarri nahi ditu Statkraftek; hiru Azpeitian, eta bi Zestoan –Errezilgo lurretan jarri nahi dituzte Zestoako bi airesorgailuen plataformak–. Hain zuzen ere, Arroitan, Sañogañan, Mugarriluzean, Irumugarrietan eta Munomendin. Parke horretara sarrera GI-631 errepidetik egin nahi dute, Zestoako lurretatik; mendi bideetatik eta GI-3730 errepidetik, hain zuzen ere.

Interes publikokoa

Joan zen astean ere izan zen albiste Piaspe proiektu eolikoa. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak interes publikokotzat jo zuen Azpeitiko bosgarren poligonoko 58. lur zatian (Sañoa mendian) aldi baterako estazio meteorologiko bat jartzea.

Desarrollos Renovables Iberia enpresak Sañoa mendian haize neurgailu bat jartzeko eskaera egin zuen. Udalak eskaera horri lotutako agiriak aurkeztu zituen diputazioan, erakunde horrek haize neurgailua interes publikoko izendatzeko. Hainbat alegazio aurkeztu zituzten herritar batek nahiz Sañu Bizirikek, Errezil Bizirikek nahiz Txillarramendi auzo elkarteak, baina horiek ez ditu ontzat jo erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide