Pozarren. Halaxe agertu dira gaur eguerdian plazan Txillarramendi auzo elkarteko, Errezil Bizirikeko eta Sañu Bizirikeko kideak, Eusko Jaurlaritzak Piaspe parke eolikoaren proiektuari ingurumen baimena ukatu diola eta. Hainbat suziri bota dituzte Azoka Plazaren ondoan, eta ondoren, agerraldia egin dute talde horietako kideek, beren irakurketa plazaratzeko. Dozenaka lagun elkartu dira, halaber, Borrokak merezi izan du! lelodun pankartaren atzean.
Haiek esan dutenez, duela hiru urte, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo biztanleen "bizitzak baldintzatzera" zetorren Piaspe proiektua "Azpeitiko Udalak alfonbra gorria jarrita" sartu zen bailarara, eta hiru herri horietako udalei leporatu diete "informazioa ezkutatzea, adierazpen askatasuna erasotzea eta auzotarrei azpijokoan aritzea". Haien ustez, "herri presioaren ondorioz" alegazioak aurkeztu zituzten udalek, baina salatu dute inoiz ez dutela proiektua bertan behera gelditzeko pausorik eman. Dena den, zehaztu dutenez, herritarren lanari, mobilizazioari eta kemenari esker lortu dute proiektuari ateak ixtea.
Eusko Jaurlaritzak atzo eman zuen ebazpena "oso sendoa" dela adierazi dute plazan elkartutakoek. "Guk hasieratik defendatu ditugun irizpideak hartu dira aintzat, eta kasu honetan behintzat, makroproiektu hau gelditzeko balio izan dute", esan dute. Halaber, Eusko Jaurlaritzak igorritako txostenean "oso kontuan hartzeko" gauzak esaten direla azpimarratu dute, batez ere, "askotan ezagutu ere egiten ez dugun" inguruko natura ondareari buruz. Elkarteetako kideek diotenez, ez da onargarria enpresa pribatuei "beren etekinen mesedetan" gisa horretako eremuak aukeratzen eta proiektuak mahai gainean jartzen uztea: "Hortxe daukagu, adibidez, orain, Sañoan haizea neurtzeko ehun metroko dorrea interes publikokotzat jota". Hori dela eta, Statkraft enpresari neurgailu hori jartzea ukatzeko eskatu diote Azpeitiko Udalari.
Nor, non eta norekin
Piaspe proiektuaren lehen informazioak zabaldu zirenetik hona pasatu dira hiru urte, eta gaur agerraldia egin duten elkarteetako kideek esan dute, orain proiektua gelditutzat emanda, gogoan hartzekoa dela "nor, non eta norekin" egon den bide horretan guztian. "Zenbaitzuk hasiak dira jada alea jasotzen. Guk argi daukagu hiru urte luze hauetan zein aritu diren etenik gabe lanean: Sañu Bizirik, Errezil Bizirik eta Txillarramendi auzo elkartea, natur kontserbazioaren alde aspalditik lanean ari diren eskualdeko taldeak eta elkarteak, mendizaleen taldeak eta gure ondoan egon diren eta proiektu honi hasieratik ezetz esan dioten herritar guztiak". Horientzat esker hitzak izan dituzte, halaber.
Ingurumen baimena ukatuta, Piaspe proiektua ez dela gauzatuko dirudi, baina argitzeko dago haize neurgailuarekin zer egingo duten; izan ere, hori jarri ahal izateko interes publikoko izendapena badauka egitasmoak. Hala ere, plazan gogoan izan dituzte beraiek atzora arte zeuden egoera berean diren eskualdeko eta inguruetako makroproiektuen mehatxupean dauden eremuak eta herritarrak, hala nola Oleta eta Izazpi, Meaka-Irimo, Beizama-Bidania, baita "onartzear dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak jopuntuan dituen" dozenaka kokaleku ere. Horri lotuta, Arauntza, Sañoa nahiz Etumeta eremutik oso metro gutxira dagoen indo-Komizolatza ingurua aipatu dute.
Inguru horietan bizi diren eta proiektuek eragin diezaieketen herritarrei elkartasuna adierazi diete eta lanerako prestutasuna agertu. Gaurko agerraldian elkartutakoek esan dutenez, "ezin da onartu, krisi ekologiko betean, lurraldea eta landa eremua multinazionalen eta inbertsio funtsen mesedetan, desjabetzera datorren ustezko energia trantsizioaren errelato inposatua". Garbi adierazi dute: "Lurraldea defendatu egin behar da".
Hona hemen gaurko agerraldiko argazki bilduma: