Piaspe proiektu eolikoa atzera bota izana ospatuko dute hilabete barru, datorren azaroaren 22an, Sañu Bizirikek eta eskualdeko beste zenbait eragilek. Festa giroko egun horretarako egitaraua osatzeko dute oraindik, baina Azpeitian izango da eta bi ekitaldi aurreratu dituzte: 09:00etan plazatik irtenda Sañoara egingo duten mendi irteera, eta Azoka Plazan izango den herri bazkaria; bazkarirako txartelak aurrez salgai jarriko dituztela ere adierazi dute antolatzaileek.
Borrokak merezi izan du! izenburua duen idatziarekin aurkeztu dute azaroaren 22ko ospakizuna. Joan den abuztuan Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena ukatu zion Piasperi, eta Sañoa mendian gauzatu nahi zuten proiektu eolikoa "gezurra badirudi ere" atzera bota izana haren kontrako mobilizazioaren ondorio izan dela berretsi dute Sañu Bizirikek eta: "Badakigu atzera bota bada, gure eskualdean proiektuaren aurka egunez egun egin den lanagatik izan dela. Izan ere, argi adierazi dugu azken hiru urteotan antolatu ditugun hitzaldi, kontzentrazio eta askotariko ekimenetan: ez gaudela prest EH Bilduk saldu nahi izan digun trantsizio berdearen iruzurra sinesteko, ezta Sañoa mendiaren suntsiketa onartzeko ere. Horregatik guztiagatik erabaki genuen ez ginela geldirik egongo Statkraften poltsikoak betetzera zetorren proiektuaren aurrean, eta azkenean ikusi dugu borrokak merezi izan duela".
Baina Piaspe atzera bota izanaren pozak ez die itzali datorrenaren kezka azaroaren 22rako ospakizuna antolatzen ari direnei. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS), "Eusko Jaurlaritzak alderdi politiko gehienen babesarekin –tartean EAJ eta EH Bildu– onartzear duen 'plangintza'" dute jomugan. "Lurralde Plan Partzialaren gainetik jarriko litzateke LPSa, eta EAEko natur ingurune ugaritan enpresariei bidea erraztuko litzaieke beraien proiektuak aurrera eramateko, tokiko jendearen beharrak kontuan izan gabe eta ingurune horietako ekosistemak gogor kolpatuz", diote gaur zabaldu duten oharrean. Piaspe "gelditzea lortu" duten arren, eskualdean bertan beste hainbat menditan haize errotak jartzeko asmoek aurrera egin dezaketela ohartarazi du Sañu Bizirikek, eta horien aurka borrokan jarraitzeko prestutasuna agertu du: "Ehundaka proiektuz bete nahi digute Euskal Herria, eta tartean, baita gure eskualdea ere (Oleta-Izazpi, Beizama-Bidania-Goiatz, Irimo, Amasa-Villabona...). Horregatik, Sañu Bizirikek elkartasuna adierazi nahi die proiektu ezberdinen mehatxupean dauden herriei eta eskualdeei, eta gure konpromisoa adierazi nahi dugu proiektu guzti horien aurka gure aletxoa jartzeko".
Hasteko, baina, Piaspe proiektua atzean utzi izana ospatu nahi dute. "Orain arteko bidean alboan izan" dituzten eragileei eta norbanakoei "eskerrak" eman dizkie Sañu Bizirikek, "denon artean lortu baitugu Sañoa bizirik mantentzea", eta azaroaren 22ko ospakizunera gonbidatu dituzte guztiak, "lortu dugun guztia ospatu eta etor daitezkeen proiektu suntsitzaileei aurre egiten jarraituko dugula adierazteko".