Agroekologia ardatz duen nekazal sindikatu berriaren nondik norakoak, plazara

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025eko azaroaren 26a

Egungo sindikalismo ereduarekin ados ez dauden hainbat nekazarik eta abeltzainek sortu dute Baserritar Bilgunea sindikatua. Herriz herri aurkezpenak egiten ari dira, eta astelehen arratsaldean Zarauzko Merkatu Plazan izan ziren.

Donostiako Gipuzkoa Plazan aurkeztu zuten azaroaren 1ean Baserritar Bilgunea sindikatua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean. 50 bat lagun batu ziren aurkezpenera, festa eta aldarrikapen giroan, sektorearekin lotutako arropak jantzita eta lanerako erremintak eskuetan zituztela. Ekitaldia amaituta, kalejira egin zuten, Batukada Feministak lagunduta.

Proiektua aurkezteko saioak egiten ari dira orain herriz herri; besteak beste, Zarautzen egin dute aurkezpena. Astelehen arratsaldean jarri zuten hitzordua Merkatu Plazako lehen solairuan, eta dozena bat zarauztar inguru joan ziren hara. Azalpenak emateaz Itziarko (Gipuzkoa) Doniene Haundi baserriko Nerea Arrizabalaga arduratu zen, eta adi-adi entzun zituzten hark esandakoak bertaratu zirenek. Arrizabalagak azaldutakoaren arabera, eredu agroekologikoan lan egiten duten baserritarrak "babesteko" sortutako proiektua da Baserritar Bilgunea, "agroekologia ulertuta, betiere, mugimendu sozial bat bezala, uztartzen dituen ildoen zaintza duena helburu: natura eta bizidunak, ekonomia, gizartea, norbanakoa eta kolektiboa...". Funtsean, "babesgune bat" sortu nahi du Baserritar Bilguneak, "arazoak eta aurrera egiteko erronkak elkarbanatzeko" espazio bat. 

Itziartarrak esandakoaren arabera, Biolurreko batzar batean sortu zen guztia. "Egonezina" sumatu zuten bertan, hainbat arrazoirengatik: "Lan baldintzak, administrazioetatik jasotako begirune eskasia,  beraien lan egiteko modua lapurtzea beste eredu batzuk jendaurrean aurkezteko...". Egoeraz jakitun, sei pertsonako talde bat hasi zen aldiro-aldiro elkartzen duela urte batzuk, horri guztiari "forma nola eman erabakitzeko". Lehenik, Egurra eta Kandela izenarekin aurkeztu ziren jendaurrean, helburua horixe zelako: "Gure eskubideak eta lan egiteko moduak aldarrikatu nahi genituen". 

Izen horren pean hainbat ekintza gauzatu zituzten. Bat, adibidez, Bilbon egin zuten: haragi sintetikoaren jardunaldia izan zenean, elkarretaratzea egin zuten elkarteko kideek. Beste jarduera bat Tolosan (Gipuzkoa) gauzatu zuten, hainbat nekazari lurrak galtzeko zorian aurkitu ziren-eta makroproiektu baten ondorioz: "Gure beste arriskuetako bat dira gaur egungo proiektu handiak, hala nola eguzki plakak eta haize errotak, eta Tolosan gure ezagun batzuk proiektu horien mehatxupean aurkitu zirenez, aldarrikapen ekintza bat egin genuen".

Horiekin, ordea, "motz" geratzen zirela ikusi zuten elkarteko kideek, bai hedabideetara iristeko, bai proiektua gizarteratzeko. Hausnarketa garai horretan izan zuen taldeak Asturiasko (Espainia) 40 bat nekazarik sortutako sindikatuaren berri. Horrek indarrak hauspotu zituen taldean, eta eredu bera jarraitzeko hautua egin zuten, "txikitasunetik eta xumetasunetik gizartean eta kontsumo ereduetan eragiteko". 

Sindikatu izaeraren nondik norakoez ere eman zituen azalpenak Arrizabalagak. "Azken finean, sindikatu bat beste zerbait dela pentsatzen badugu ere, elkarte bat da, langileek osatzen dutena, euren askotariko baldintzak babesteko, eta guk horixe nahi genuen". 

Lantaldeetan banatuta

Sektoreak "zer eskatua" badu itziartarraren esanetan, eta hori horrela izanda, hainbat lantalde zehaztu dituzte sindikatuaren barruan, lan lerro bakoitzean erabakitzeko zerk duen "lehentasun" handiagoa, "indarrak ondo bidera daitezen". Alde batetik, komunikazio taldea osatu dute, gizarteari begira nahiz taldearen barruan komunikatuko duena. Bestetik, ideologia taldea legoke, "sektoreari eragiten dioten arau eta legeak zeintzuk diren aztertuko duena, horiek argitara atera aurretik". Eta hirugarren taldea ekintzetara zuzenduta egongo dela gehitu zuen Arrizabalagak: "Baserritarek askotan arazoak izaten dituzte, izan galerak edo metereologiak eragindako ondorioak, eta talde honen helburua da horiei azkar erantzutea". 

Taldeari izaera emanda eta hura azpitaldetan banatuta, orain ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dutela nabarmendu zuten Baserritar Bilguneko kideek. "Guk eman dugu lehen pausoa, baina bidea denon artean egitea da xedea".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide