Autoen erabilera desegokia jarri dute berriro jopuntuan Urola Erdiko sei udalerriak elkarrekin gauzatzen ari diren Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren barruko laugarren spotean.
Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoako udalek sustatutako kanpaina horren bidez, eskualdeko herritarrak erronka sozialez eta ingurumen erronkez hausnartzera bultzatu nahi dituzte. Kaleko panelen, esku-orrien eta ikus-entzunezkoen edo spoten bidez ari dira kanpaina hedatzen, bost ardatz aintzat hartuta: energia eta klima; mugikortasuna; lehen sektorea eta tokiko ekonomia; paisaia eta biodibertsitatea; eta eguneroko erabakiak nahiz komunitatea.
Ardatz horien bueltan prestatu dituzten spotak astero ari dira argitaratzen, Urtezahar egunean hasita. Sei dira guztira eta gaurkoa da, aipatu bezala, laugarrena. Abenduaren 31n zabaldu zuten kanpainaren aurreneko bideoa, urtarrilaren 8an bigarrena, eta urtarrilaren 15ean hirugarrena.