Martxoaren 8a

Eraikitako ilunpeak arrakalatzen

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 3a

Andreen edo bestelako disidentzien askatasuna mugatzeko besteko indarra du izu sexualak. Eraikitako murru hori pitzatzeko tresna izan daitezke hirigintza eta autodefentsa feminista. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Gukak kaleratuko duen erreportaje sortaren lehenengoa da honakoa.

Beldurrak azalpen zientifikoa du: aktibatzen duen adrenalinak alertan jartzen du gorputza arrisku egoera baten aurrean, eta ihes egiteko, ezkutatzeko edo mehatxuari aurre egiteko prestatzen du. Erreakzio natural horren kontrako azalpena du, ordea, feminismotik luze eta zabal aztertu izan den beldurraren kulturak edo izu sexualak. Kasu horretan, sistema sexistarengandik ihes egitea, ezkutatzea edo sistemari berari aurre egitea ezinezkoa izan dadin pentsatutako menderatze mekanismoak aktibatzen dira.

Nerea Barjola (Santurtzi, Bizkaia, 1980) da beldurraren inguruko analisi feminista landu duen Euskal Herriko nahiz nazioarteko erreferente nagusietako bat, eta 2018an argitara eman zuen Microfísica sexista del poder. El caso Alcàsser y la construcción del terror sexual liburuan azaltzen duenez, izu sexualak emakumeen askatasuna eta autonomia mugatzeko boterea du. Nola? Bada, sexu eraso jakin batzuen bueltan, komunikabideen konplizitatearekin sarri, eraikitzen dituzten kontakizunen bitartez emakume guztiei igortzen dizkieten mezuekin.

Badira izu sexuala ulertzen laguntzen duten kasu paradigmatiko batzuk. Alcasserrekoa (Valentzia, Herrialde Katalanak) da bat, Barjolak berak xehe aztertu zuena. 1992an 14 eta 15 urteko hiru neska bahitu, bortxatu eta hil zituzten, eta argigarria izan zen muturreko indarkeriak ezaugarritu zuen kasu horren bueltan eraiki zuten kontakizun soziala, mediatikoa eta politikoa: fokua indarkeria matxistan edo erasotzaileengan jarri beharrean, biktimak epaitu zituzten, haiek egindakoaren araberako arrisku mugak berrezarriz. Horrekin, hainbat mezu zabaldu zituzten: gauez kalean gizonezkoen "babesik" gabe ibiltzen denari, auto-stop egiten duenari, modu batera edo bestera janzten denari... Alcasserreko gazteei egin zieten hori bera gerta dakioke.

Iaz erregistratutako genero indarkeria kasu gehienetan biktimek harremana dute erasotzaileekin

Izu sexuala zabaltzeko kanpaina horien mezuek emakume edo genero disidente guztiengan dute eragina: etengabeko eraso-mehatxuan sentiarazten dituzte, eta ondorioz, autonomia eta askatasuna kentzen dizkiete, adibidez, gauez kalean ibiltzeko. Horrela, ordena patriarkalak bere burua berregituratzea bilatzen du, andreak otzan, zintzo, etxekoi bilakatuz.

Hirigintza zaintzailea

Egiaz, ez da inoiz existitu emakume bat bahitu, torturatu eta hil duen kale ilunik. Ertzaintzaren datuen arabera, 2025ean Gipuzkoan erregistratutako genero indarkerien kasu gehien-gehienetan, biktimek harreman zuzena zuten erasotzaileekin: erasoen egile gehienak biktimaren bikotekideak edo bikotekide ohiak izan ziren (erregistratutako kasu guztien %72), erasotzaileen %18k bestelako familia harremana zuten biktimarekin, eta solik kasuen %10ean ez zen harremanik ezagutzen biktimaren eta sexu askatasunaren kontrako delituaren egilearen artean. Eremu pribatuetan (etxebizitzetan) eta erasotzaile ezagunek egindakoak dira eraso gehienak; hala ere, beldurraren kulturak ez du arrisku fokurik kokatzen ezkontzan, adibidez, eta beldurraren iruditeria kale ilunetara lekualdatzen du.

Kale ilunari egozten zaion arriskua, hortaz, ez da neutroa. Baina horrek ez du esan nahi kalean sexu erasoak gertatzen ez direnik, ez eta ez zaionik arreta jarri behar parrandatik etxera bueltako bidean, kalean beste inor ez dagoen arren, emakumeen garondoa ziztatu ohi duen artegatasun ezagun horri.

Hain zuzen, espazio publikoetako segurtasunean ez ezik, herritarrek segurtasunarekiko duten pertzepzioan arreta jarri du Projekta Urbes arkitektura enpresak hainbat herritan garatu dituen Mapa Moreen baitan. "Hirigintzak eragina du segurtasun objektiboan zein herritarren segurtasunaren pertzepzioan, eta gure ustez biak landu behar dira, zeren, azken finean, biek mugatzen dute gure autonomia", azaldu du Miren Vivesek (Mendaro, Gipuzkoa, 1973), Zarautzen egoitza duen enpresako arkitektoak.

Miren Vives: "Jendearen presentzia da leku bati segurtasuna ematen diona"

Espazio publikoek genero ikuspegitik izan ditzaketen gabeziak identifikatu eta horiek eraldatzeko proposamenak jasotzen dituzte Projekta Urbesekoek Mapa Moreetan, eta sexu erasoen eta mehatxuen aurrean herritarrek antzematen duten segurtasun maila izan ohi da proiektu horietako ataletako bat. Herritarren ekarpenekin osatzen dute diagnostiko fasea, eta Vivesek zehaztu duenez, parte hartzen dutenen artean emakumeak izaten dira gehienak. "Normalean gizon gutxi agertzen da horrelako saioetara. Adierazgarria da hori", esan du.

Bestalde, nabarmendu duenez, leku bateko arriskugarritasun erreala ez dator beti bat herritarrek eremu horrekiko duten pertzepzioarekin. "Galdetzen dugunean leku horretan zerbait gertatu ote zaien, erantzuna oso gutxitan izaten da baiezkoa. Hala ere, beldurraren sentsazioa hor dago, batez ere leku abandonatuetan, zaintzen ez direnetan...", esplikatu du.

Vivesen arabera, herritarrei espazio publikoetako arrisku faktoreez galdetzean, gutxi argiztatutako leku bakartiak aipatu ohi dituzte; lurpeko pasabideak, adibidez. Baina bada beste aldagai bat normalean parte hartzaile guztien adostasuna izaten duena, arkitektoak dioenez: "Jendearen presentzia dela leku bati segurtasuna ematen diona". "Industrialde batera joaten bagara egunez, ez digu beldurrik ematen, baina gauez, jende gutxi dabilenez, beldurra ematen digu. Gauza bera gertatzen da beste edozein espaziorekin. Askotan, iluntasuna ez da konpontzen leku bat argiztatzean. Argi asko jarrita ere, leku horrek iluna izaten jarraituko du, ez dagoelako jenderik joan-etorrian", gaineratu du.

Hori dela eta, Projekta Urbesekoen iritziz, herritarren segurtasunaren pertzepzioa hobetzeko neurri garrantzitsuena da sortzen dituzten espazio horiek "jendearen joan-etorria izatea ahalik eta ordutegi zabalenean". Horrekin, herritarren arteko "zaintza naturala" susta daitekeela ziurtatu du Vivesek: "Nola? Adibidez, etxebizitzen eraikinak espazio publikoarekin harremanetan egon daitezela sustatuz, fatxada guztietan leihoak eta balkoiak kalera begira jarriz. Bestalde, behe solairuetan jarduera desberdinak egotea garrantzitsua da: bakarrik bulegoak baldin badaude, horiek goizez soilik egoten dira irekita, beraz, hobe da bulegoak eta dendak nahastuta egotea. Eta bulego edo denda horiek kalearekin harremanetan baldin badaude, hobeto, beirate batekin, adibidez".

Funtsean, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko harremana "naturala eta jarraia" izateak hobetu egingo du herritarrek segurtasunarekiko duten pertzepzioa, eta ondorioz, kalean edozein ordutan ibiltzeko duten autonomia.

Gaitasunez jabetzea

Feminismotik denbora luzez aztertu eta politizatu izan dute beldurra, eta indarkeria matxistek sistema sostengatzen jarraituko duten bitartean antidotorik egongo ez bada ere, autodefentsa feministak aterpetzen duen estrategia multzoan aurkitu dute izuari aurre egiteko bide orria. Ez da erraza autodefentsa feminista definizio batean laburtzea, baina honakoa proposatu dute Maider Avaristo (Puerto Ayacucho, Venezuela, 1993) eta Aitana Miner (Hernani, Gipuzkoa, 1998) Emagin elkarteko kideek: "Bizi dugun sistema patriarkalak indarkeria matxista erreproduzitzen du etengabe, eta horri aurre egiteko estrategia da autodefentsa feminista. Norbanakoen estrategia izan daiteke, baina batez ere kolektiboa da".

Pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen eta autodefentsa feminista ikastaroak antolatzen dituen elkarteko kideen iritziz, emakumeek beti garatu izan dituzte erasoei edo beldurrari aurre egiteko estrategiak, batzuetan autodefentsa gisa identifikatu ez badituzte ere. "Beldurraren kulturak inkontzienteki estrategia batzuk sortzera bultzatu gaitu, beharrezkoak baititugu egunerokoan aurrera egiteko. Adibidez, parrandatik etxera joateak ematen digun beldurraren ondorioz ikasi dugu elkarrekin joaten", agertu du Minerrek. Hala ere, indarkeria matxistak identifikatzea eta eraso sexistak egitura baten parte direla (eta ez kasu isolatuak) ulertzea lagungarria da, Avaristoren esanetan, autodefentsa feminista era kolektiboan artikulatzeko. Dioenez, "emakumeek egunerokotasunean bizitzen eta ikusten dituzten indarkeria horiek guztiak partekatzen dituztenean ulertzen da egiturazko indarkeria bat dela", eta errazagoa nahiz eraginkorragoa da kolektibo gisa identifikatutako arazo bati kolektiboki erantzutea.

Maider Avaristo: "Errazagoa da arazo kolektibo bati kolektiboki erantzutea"

Horrez gain, beldurraren kulturari mozorroa kentzea funtsezkoa dela iritzi diote, hau da, nondik datorren eta zertarako erabiltzen den ulertzea: "Horrek aukera ematen du beldurrari beldurra galtzeko". Ildo horretatik, izu sexuala zabaltzen duten botere mediatikoen, politikoen eta sozialen errelatoak kontakizun feministekin desegitearen premia nabarmendu dute Emagineko kideek, "horrek zabaltzen duelako iruditeria kolektiboan erantzuteko gaitasuna dugula", esan dute.

Izan ere, defendatzeko edo indarkeria erabiltzeko gaitasunik ez dutela sinetsarazten die emakumeei beldurraren kulturak, eta indarkeria jasotzen duten subjektu pasibo izan daitezen bilatzen du. Horregatik, sexu eraso bat jasateko arriskuaren aurrean fisikoki defendatzeko teknikak irakasten dira sarri autodefentsa feministako tailerretan, baina ez hori bakarrik. "Askotan esaten dugu: agian, eraso baten aurrean ikasitako erantzun hori ez zaizu aterako, edo beste modu batera aterako zaizu. Baina autodefentsak balio du sinesteko erantzuteko gai zarela, eta estrategia zehatzak jakitea baino garrantzitsuagoa da hori", adierazi du Minerrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide