Azaroaren 29an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango dira, edo gauza bera dena, Espainiako hauteskunde orokorrak. Alderdiek, ofizialki, gaur astebete ekin zioten kanpainari, kanpainaurrea aspaldi hasi zuten arren, eta beste astebete dute hauteslekua zapaltzeko asmorik ez zutenak botoa ematera bultzatzeko, eta nori eman oraindik zalantzan daudenak nola edo hala konbentzitzeko.
Ziurtasun osoz egindako promesak, sekula beteko ez dituztela badakiten asmoak, baieztapen potoloak, aurkaria gutxiestea beste helbururik ez duten erdi-gezurrak zein norbere burua loratzeko egia erdiak, denetik darabilte, eta horiek lau haizetara zabaltzeko edozein bitarteko zaie baliagarri, izan molde zaharrekoak, izan berri-berriak. Posta bidezko propaganda, kartelak, herriz herriko ekitaldiak eta mitinak, hedabideek egindako elkarrizketak eta haiek antolatutako mahai inguruak, sare sozialak, eta horiez gain, baita milioika jarrraitzaile dituzten youtuberrek gidatutako podcast saioak ere. Eta berez argi pixka bat jartzeko behar luketen baina dena are nahasgarriago egiten duten inkestak ere hor daude, egunero argitaratzen baitituzte berriak, joera ezin ezberdinagoekin.
Baina nahaspila horretatik apur bat urrunduta eta oinarri-oinarrira jota, herritarrek oro har, eta batez ere lehendabiziko aldiz botoa emateko aukera duten horiek, ba al dakite Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan zehazki zer aukeratzen den? Ba al dakite jokoan zer dagoen?
Azaroaren 29rako, denera, 38.728.356 herritar daude botoa ematera deituta; horietatik 35.958.711 lagun Espainiako Estatuan bertan bizi dira, eta gainontzekoak –2.769.645 lagun–, handik kanpo. Hauteskunde egunean 18 urte beteta izatea da botoa emateko ezinbesteko baldintzetako bat, baina ez bakarra. Udal hauteskundeetan ez bezala, Espainiako Gorteetarako zein Eusko Legebiltzarrerako bozetan nahitaezkoa da espainiar nazionalitatea izatea, eta baita hautesle erroldan edo atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle erroldan izena emanda egotea ere. Urola Kostara etorrita, azaroaren 29ko hauteskundeetan 61.687 herritarrek dute botoa emateko aukera. Horietatik 59.537 lagun eskualdean bertan bizi dira, eta gainontzekoak –2.150 lagun–, Espainiako Estatuaren mugetatik kanpo.
Botere legegilea
Horien guztien botoek Espainiako Gorteak berritzeko balioko dute. Demokratikotzat jotzen diren estatuetan boterea hiru adarretan banatuta egoten da, aginte guztia pertsona edo talde bakar batek izatea eragozteko, eta horrela, herritarren eskubideak babesteko. Botere legegilea gorteen edo parlamentuaren esku egoten da, botere betearazlea gobernuarena izaten da, eta botere judiziala epaileek izaten dute. Eta izatez, hiru botereak autonomoak dira, baina elkar kontrolatzen dute.
Espainiako Estatuaren kasuan, gorteak dira parlamentua, hori da estatuaren botere legegilearen jabe den organoa, eta bi ganberatan banatuta dago: Diputatuen Kongresua da bata –behe ganbera ere deitzen zaio–; eta Senatua da bestea –goi ganbera ere deitzen zaio–. Hain zuzen ere, bi ganbera horiek dira azaroaren 29ko hauteskundeetako emaitzen arabera berrituko direnak. Horregatik, bozkatzera deituta dauden herritarrek bi koloretako boto paperak eta gutun azalak jasoko dituzte egunotan etxean, eta kolore bakoitzeko boto bana emateko aukera izango dute hauteskunde egunean: bata, zuria, Diputatuen Kongresuari dagokio; bestea, sepia kolorekoa, Senatuari.
Bi ganberak elkarren osagarri diren arren, eta botere legegilea partekatzen duten arren, bakoitzak bere aldetik jarduten du, bakoitzak bere eginkizunak, autonomia eta funtzionamendua ditu, bateko eta besteko kideak hautatzeko modua guztiz desberdina da, eta ez dute garrantzi bera: Diputatuen Kongresuak botere handiagoa du Senatuak baino.
Kongresuak herritarrak ordezkatzen ditu, eta Senatuak, lurraldeak, hau da, probintziak eta autonomia erkidegoak. Kongresuak du gobernua aukeratzeko eta kontrolatzeko ahalmena, baita presidentea izendatzekoa eta hura kargutik kentzekoa ere, eta berea da legeak behin betiko onartzeko eskumena. Senatuak, berriz, Kongresuak onartutako legeak berrikus ditzake eta zuzenketak proposatu, baina horien gaineko azken hitza Kongresuak izango du. Hori bai, Senatua da Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea baimendu dezakeena, alegia, autonomia erkidego bat bere betebeharrak behar bezala gauzatzen ari ez den eta estatuari kalte egiten ari den kasuetan, Gobernuari esku hartzeko salbuespenezko baimena eman diezaiokeena.
Gipuzkoak sei eserleku
Espainiako Diputatuen Kongresuak 350 eserleku ditu; gehiengo osoa izateko 176 behar dira, beraz. Probintzia bakoitzak gutxienez bina eserleku ditu –Ceutak eta Melillak, bana–, eta hortik aurrerakoak, toki bakoitzean bizi den herritar kopuruaren arabera banatzen dira. Hego Euskal Herriko lurraldeei denera 23 dagozkie: Bizkaiari zortzi, Gipuzkoari sei, Nafarroari bost eta Arabari lau. Kongresurako bozetara alderdiek zerrenda itxiak aurkezten dituzte, eta herritarrek horietako bat hautatu behar dute. Azken hauteskundeetan, Gipuzkoako sei eserlekuak EH Bilduren EAJren eta PSE-EEren artean banatu zituzten; bakoitzak bi lortu zituen.
Senatua, berriz, 266 senatarik osatzen dute. Azaroaren 29an ez dira kide guztiak berrituko, 208 baizik; Hego Euskal Herriaren kasuan, lau lurralde bakoitzeko. Gainera, badu berezitasun bat senatariak hautatzeko moduak: alderdiek zerrenda irekiak aurkezten dituzte, eta herritarrek norbanakoak hautatu behar dituzte. Espainiako Estatuko probintzia gehienetako herritarrek bezala, botoa emateko aukera duen Hego Euskal Herriko herritar bakoitzak gehienez hiru aukera ditzake, x bat eginda; beraz, lurralde bakoitzeko gutxienez bi alderditako ordezkariek lortuko dute ordezkaritza. Kanarietan eta Baleareetan, uharte handienei hiruna senatari dagozkie, irla txikienei bana; eta Ceutari eta Melillari ere bana dagokie.
Hauteskundeen ondorengo inbestidura saioaren data oraindik ez dago zehaztuta, baina Diputatuen Kongresua eta Senatua abenduaren 23an eratuko dituzte. Hain zuzen ere, Kongresua eratzen denean irekiko da Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea aukeratzeko inbestidura prozedura.
- %3. BEHARREZKO KOPURUA: Alderdi batek Espainiako Diputatuen Kongresuan eserlekua lortzeko aukera izan dezan, gutxienez probintzia horretan eman diren botoen %3 bereganatu behar du. Ehuneko horretara iristen ez bada, automatikoki galduko du eserlekuren bat lortzeko aukera.
- Boto zuria. Kongresurako bozetan, gutun azala hautetsontzira hutsik sartzea litzateke; eta Senaturakoetan, gutun azala hutsik, edota paperarekin, baina inor hautatu gabe. Baliozkotzat hartzen da boto zuria, nahiz eta ez den alderdietako inorentzat izaten. Probintzia bakoitzean ordezkaritza lortzeko gainditu behar den % 3ko gutxieneko langa igo egiten du, alderdi txikienen kaltetan.
- Boto baliogabea. Legeak ezarritako baldintza formalak betetzen ez dituen botoa da. Eredu ofizialekoak ez diren gutun azalak edo boto orriak erabiltzen direnean, alderdi desberdinetako boto orriak nahasten direnean, boto orrian izenak aldatuta daudenean... Parte hartze datuetan zenbatzen da, baina ez da baliozkoa. Horregatik, ez du eraginik eserlekuen banaketan eta %3ko muga kalkulatzerakoan.
- Boto baliagarria. Jokabide estrategiko bat da. Hautesleak uste duenean gustukoen duen alderdiak bere probintzian ordezkaritza lortzeko aukera gutxi dituela, aukera gehiago dituen beste hautagaitza bati botoa ematean datza, haren alde edo beste baten kontra egiteko. Bere botoak zerbaitetarako balio izateko asmoz egiten du hori.
- Abstentzioa. Bozkatzeko eskubidea ez gauzatzea da. Espainiako legedian ez dago gutxieneko parte hartze mailarik hauteskundeak baliozkoak izateko; beraz, Kongresuko 350 eserlekuak eta Senatukoak bozkatzen dutenen artean banatzen dira beti. Prozesu osoaren edo sistema politikoaren aurkako arbuioa erakusteko erabiltzen da askotan. Ez du inolako eraginik ez eserlekuen kalkuluan, ezta % 3ko langa ezartzeko garaian ere.