Arratsaldeko seiak aldera bukatu dira Amaia Azkueren hilketaren epaiketako lekukotzak Donostiako Adingabeen Auzitegian. Parteak ondorioak irakurtzen ari dira; 22:00etan artean Miguel Castells bere ondorioen berri ematen ari zen, eta akusatuaren abokatu Joanes Labaien hasteke zegoen, baina Azkue familiaren abokatu Miguel Castellsek hedabideei aurreratu die, auzipetuaren aurkako hamar urteko kartzela zigorraz gain, urruntze agindua ere eskatuko duela -Zarautzera eta Getariara ez azaltzeko eskaera, hain zuzen-.
Atzo ziren epaiketako saioak bukatzekoak, baina auzipetuaren abokatu Joanes Labaienek diligentzia berriak eskatu zituen, eta gaur jarraitu dute. Suhiltzaile batzuk izan dira deklaratzen, baina Castellsek esan du haien lekukotzaren arabera ere garbi geratu dela Azkueren hilotza lokarriekin lotuta zegoela urtegian. Familiaren abokatuak uste du gaurko deklarazioek ez dutela ezer berririk sortu eta ertzainen frogak sendoak direla; hau da, Ander E.-k hil zuela Azkue.
Nuarbeko erasoa salatu du Urola Kostako Koordinadora Feministak
Bestetik, Urola Kostako Koordinadora Feministak oharra plazaratu du gaur, asteartean, joan den ostiralean emakume batek Nuarben jasandako erasoa salatuz. Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketan lekukotza eman zuen erasotutako emakumeak.
Hona hemen koordinadora feministaren oharra:
"Urola Kostako Koordinadora Feministatik aurreko ostiralean Azpeitian izandako gertaera salatu nahi dugu. Beste emakume bat erasotua izan da, indarkeriz lurrera bota eta konorterik gabe utziz. Honen aurrean gure haserrea adierazi nahi dugu eta emakumeon kontra indarkeria erabiltzeari behin betikoz uzteko exijitzen dugu! Eta horrelakorik berriro gertatu ez dadin beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diegu erakundeei".