Jende ezagunarekin solasaldiak Sanagustinen

Kultur Mahaia-Sanagustin, Uztarria Komunikazio Taldea, Erlo Telebista, Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 3a, 11:30

Martxelo Otamendi kazetaria izango da aurreneko gonbidatua (otsailak 19, asteartea, 19:30). Justu duela hamar urte ere hitzaldi bat eman zuen hark Azpeitian; ordu batzuetara izan zen 'Egunkaria' operazioa. Herriko kultura eta komunikazio arloko eragileok elkarlanean antolatu dugu solasaldi zikloa.

Hamabi solasaldiak (bukatu dugu zikloa):

Martxelo Otamendi (2013-02-19)
Juan Jose Ibarretxe (2013-03-12)
Benito Lertxundi (2013-05-21)
- Maddalen Iriarte (2013-07-09)
- Jose Maria Setien (2013-10-15)
- Amets Arzallus (2014-01-07)
- Jesus Egiguren (2014-03-11)
- Jon Sarasua (2014-05-28)
- Edurne Brouard (2014-07-15)
- Fermin Muguruza (2014-11-04)
- Ramon Saizarbitoria (2014-12-16)
- Gaizka Garitano (2015-03-10)

Euskal Herriko jende ezagunarekin solasaldi zikloa hasiko dugu Azpeitiko kultura eta komunikazio arloko eragileok: Kultur Mahaia-Sanagustin, Uztarria Komunikazio Taldea, Erlo Telebista eta Urola Kostako Hitzak.

Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohi eta Berria-ko zuzendaria izango da lehen gonbidatua, otsailaren 19an. Hain justu, Otamendik 2003ko otsailaren 19an ere hitzaldi bat eman zuen Azpeitian, Baigera aretoan (eskubiko goiko argazkia ordukoa da), Baite Euskara Elkarteak antolatuta, eta ordu batzuk geroago egin zuen Espainiako Estatuak Egunkaria-ren aurkako operazioa; tartean, Otamendi bera atxilotuz.

Oraingo honetan Sanagustin kulturgunean izango da hura, solasaldi batean. Egunkaria auzia izango da gaietako bat. Besteak: euskal prentsa, Euskal Herriko egoera politikoa, Katalunia eta abar.

Mikel Aiestaran kazetaria ariko da solasaldiko gaiak jartzen.

Aurtengo San Sebastian bezperan ere Azpeitian izan zen Otamendi, udaletxean, bandera igotzean (eskubiko beheko argazkia ordukoa da). Izan ere, udalak Egunkaria-ri aitortza egin zion, eta ordezkaritza bat etorri zen.

Oro har, bi hilean behin izango dira solasaldiak. Dena dela, gonbidatuen agendak markatuko du hitzordua. Esate baterako, Otamendiren ondorengoa ez da apirilean izango, baizik eta martxoaren erdialdera. Joango gara jakinarazten xehetasunak.

Aho bizarrik gabe da solasaldion leloa, Imanol Lazkano bertsolariaren liburuaren izenburua bera.

Solasaldien ezaugarriak

- Helburua: kalitateko eta prestigioko saioak antolatzea Azpeitian, euskaraz.
- Gonbidatua: Euskal Herriko pertsona ezagun bat, euskalduna. Kontuan hartu pluraltasuna: arloa, sentsibilitatea... 
- Formatoa: kazetari batekin solasaldia gonbidatuak. Kazetariak gaiak aipatu —puntuak jarri—, gonbidatuak gogoetak egin ditzan.
- Kazetaria: Azpeitiko bat. Txandatzen joan.
- Maiztasuna: oro har, bi hilean behin.
- Tokia: Sanagustin kulturgunea. 
- Eguna-ordua: asteguna (asteartea-asteazkena), arratsean. 
- Iraupena: ordubete pasatxo. 
- Ekitaldia: irekia.

Antolatzaileak

- Kultur Mahaia-Sanagustin kulturgunea.
- Uztarria Komunikazio Taldea.
- Erlo Telebista.
- Urola Kostako Hitza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide