Iparragirre, Epelde eta Albizu protagonista izan dira asteburuan

Uztarria.eus 2013ko ira. 23a, 19:23

Unai Iparragirre 'Txipa' (ezkerretik hasita aurrena) Txinako Itzuliaren podiumean. (EUSKADI TXIRRINDULARITZA FUNDAZIOA)

Azpeitiar txirrindulariek lan aipagarria egin dute: Unai Iparragirre Txipa bigarrena izan da Txinako Itzulia II-ren lehen etapan, Mireia Epelderen Michela Fanini taldea 12. sailkatu da taldekako Munduko Txapelketan, eta Joseba Albizuk mendiko bizikleta maratoiko Euskadiko Txapelketa irabazi du.

Joan den asteburua oparoa izan da Azpeitiko txirrindularientzat. Unai Iparragirre Txipa (Euskadi Fundazioa) Txinan, Mireia Epelde (Michela Fanini) Italian eta Joseba Albizu Lesakan, protagonista izan dira.

Iparragirre Txinan ari da lehiatzen azken egunetan, Euskadi Fundazioko taldekideekin. Atzo, igandea, Txinako Itzulia II probaren estreineko etapan, bigarren sailkatu zen azpeitiarra, Leopard taldeko Daniel Klemme-ren atzetik. Ondorioz, sailkapen nagusian ere bigarren tokian da Iparragirre, Klemmerengandik lau segundora.

Italiako Pistoia hirian, berriz, Munduko Txirrindularitza Txapelketak jokoan dira atzoz gero. Lehen lasterketak taldekako erlojupekoak izan dira. Emakumezkoen proban, bere taldea den Michela Fanini-rekin lehiatu zen Mireia Epelde. Hogei talde aritu ziren lehian eta Epelde eta bere taldekideak hamabigarren postuan sailkatu ziren.

Lesakan, berriz, mendi bizikletako maratoi erako Euskadiko Txapelketa jokoan izan zen igandearekin, eta txapelarekin itzuli zen etxera Joseba Albizu. Azken metroetan gailendu zitzaion azpeitiarra Alexander Ordeñanari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide