San Sebastian bezpera iritsi da eta dena prest dago herrian urteko aurreneko festa hitzordu handia behar bezala ospatzeko. Asteburuarekin batera datoz aurten sansebastianak, eta zapatu gauean hasiko da festa kaleetan, giroa ordu batzuk lehenago berotuko bada ere.
Atzo ikastetxeetan entzun ziren lehen danbor hotsen ondoren, gaur eta bihar kalera irtengo dira danborradak. 22:15ean abiatuko da helduen danborradaren desfilea Olazko Andre Mariaren plaza ondotik. San Sebastian bezperako danbor erakustaldian parte hartuko duten 27 taldeak hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale Alde Zaharrean: Oñazbideko Gastadoreak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak, Barratsu eta Zezenzaleak. Goikokalen eta plazan behera, Done Jakue kaletik iritsiko dira taldeak parrokiara eta Perez Arregi plazara, eta bi toki horietan kokatuta joko dute aurreneko aldiz San Sebastian Martxa.
Honela kokatuko dira taldeak parrokian eta Perez Arregin:
Gaueko lehen geldialdiaren ondotik, Elizkalea eta Enparan kalea pasatu eta, Damasoneko zubian buelta hartuta, Perez Arregitik Erdikalean gora igoko dira plazaraino. Talde guztiak plazan direla eta gauerdiko kanpaiekin batera igoko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian. Gonbidatu bereziak izango dituzte gaur gauean udaletxean banderaren igoerarako: Juanjo Sansebastian, Josu Bereziartua eta Sebastian Alvaro mendizaleak. Baina gaueko omenaldia Arauntzako kosakoentzat izango da, 50. aldiz irtengo baitira gaur San Sebastian bezperako danborradan. Omenaldien tartea bukatuta, danborraden errepertorioa jotzen jarraituko dute taldeek plazan, Udal Musika Bandaren erritmora, bakoitza bere abiapuntura itzuli baino lehen. Eta danborradarekin gutxitxo izan dutenek, berriz, danbor hots gehiago izango dute kalean, Perculights perkusio taldearen emanaldiarekin.
Honela kokatuko dira danborradako taldeak plazan:
San Sebastian eguna
Bihar, San Sebastian eguna, goiz entzungo dira berriro musika eta danbor hotsak Alde Zaharrean. 09:30ean hasiko dira Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeetakoak, Bandarekin eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroekin batera, San Sebastian goizeko Diana behin eta berriz jotzen. Danborradako bi taldeek lagunduko diete parrokiara udal ordezkariei ere, eta 10:30ean hasiko den prozesioan ere kalez kale ibiliko dira. 11:00etako meza hasi aurretik, berriz, eliz barruan joko dute San Sebastian Martxa.
Sokamuturraren urteko lehen irteeraren ondoren, 12:30ean hasiko da umeen danborrada, eguneko jendetsuena. Aranetik eta Artzubiatik abiatuko dira parte hartuko duten hamar taldeak: Juan Antxieta musika eskolak, Karmelo Etxegaraikoen Bizkainoen Tertzioak, Itsasik, Iraurgikoen Ezpatadunek, Ikasberrikoen Sukaldariek, Karmelo Etxegaraikoen Napoleoi Gorriek, Iraurgikoen Zumalakarregik, Ikasberrikoen Soldaduek, Iraurgikoen Mikeleteek eta Karmelo Etxegaraikoen Napoleoi Urdinek, hurrenkera horretan, osatuko dute kalejira.
Umeen danborradarekin batera aterako dira baita inude, mikelete eta danbor-jotzaile txikiak ere. Eta, nola ez, karroza. Bigarren urtez jarraian egin du sansebastianetako karroza Nekane Azpiazuk, eta Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrena da aurtengoa osatzeko Udalak aukeratutako gaia. Bezperan bezala, umeen danborrada plazara iritsitakoan ere omenaldi ekitaldia izango da udaletxean: Dioni eta Iñigo Perez anaiek jasoko dute aitortza, hainbeste urtetan parrokiako naximentua jartzen egindako lanagatik.
Eguerdiko danbor festa bukatuta, Olazko Andre Mariaren plazan jarriko duten haur parkea eta arratsaldeko sokamuturra izango da festa egitarauaren hurrengo hitzorduak. Hasi bezala bukatuko dira, ordea, sansebastianak: danborradarekin. Bandera jaitsi aurrekoa 23:15ean hasiko da Bustinzuriko Errebalean. Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko eta Zokoa dira aurten jaietako azken danborradan parte hartuko duten taldeak. Alde Zaharrean bezperan antzeko ibilbidea osatu ondoren, gauerdirako plazan elkartuko dira, bandera jaisten laguntzeko eta sansebastianei hurrengo urtera arte agur esateko.
Egitaraua
Hona hemen, San Sebastian jaietako egitaraua:
Gaur, San Sebastian bezpera
- 22:15. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, herriko kaleetan. Aurten, Arauntza elkarteak 50 urteurrena ospatuko du.
- 00:00. Talde guztiak elkartuta plazan danborradako doinuak joko dituzte.
- 00:30. Perculights perkusio taldearen emanaldia, herriko kaleetan.
Bihar, San Sebastian eguna
- 09:00. Txistularien eta musika eskolaren goiz-eresia.
- 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa elkarteen nahiz Udal Musika Bandaren eta musika eskolako txilibitu jotzaileen kalejira.
- 10:15. Udalbatzako kideak Soreasuko Sebastian Donearen parrokia joango dira.
- 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
- 10:45. Meza Nagusia parrokiako abesbatzarekin eta Julian Barrenetxea abesbatzarekin, parrokian.
- 11:30. Sokamuturraren kontrako ellkarretaratzea, Azoka Plazaren aurrean.
- 12:00. Sokamuturra, plazan.
- 12:30. Haurren danborrada, Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda.
- 16:00. Sokamuturraren kontrako ellkarretaratzea, Azoka Plazaren aurrean
- 16:00-20:00. Haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 16:30. Sokamuturra, kaleetan.
- 23:15. Danborrada.
- 00:00. Bandera jaitsiera, Udal Musika Bandak lagunduta.