Uztailaren 24a da gaur, Santio bezpera, zubi luzearen hasiera askorentzat, baita udako oporrena ere beste askorentzat, eta Azpeitiko udako festen lehen egun nagusiaren bezpera. Iluntzetik herrian jai girorik eta festa usainik ez dela faltako esan nahi du horrek, eta giro hori sustatzeko hitzorduak ere bat baino gehiago izango dira.
Goiztiarrenak, etxe honetakoak: 18:30ean irekiko du Gukak festetako tonbola. Erdikalean egongo da aurten ere, baina ez azken urteetako lokalean, 8. zenbakikoan baizik, Azurmendi denda zenaren lokalean, hain zuzen.
19:00etan, berriz, bi hitzordu izango dira aukeran. Ordu horretan, urteroko judo erakustaldia eskainiko dute plazan Kodaore klubean aritzen diren adin guztietako judokek. Eta ordu berean hasiko da, Zubizarren, Zubizar Fest musika jaialdia, BOL (Baserriko Ollaxkue Labien), Jipoituak, Labankada eta Z.Z Punk taldeen kontzertuekin.
Gauean festa luzatu nahi duenak, berriz, beste aukera bat ere izango du Done Jakue kalean. Han elkartuko dira aurten ere auzotarrak, kaleko festa ospatzeko: 20:30ean afariarekin hasi, eta Urbieta DJaren eskutik jarraituko dute festa.