Azpeitiko Udalak "herritarrei laguntzeko izan duen prestutasuna" eskertu dio Kepa Susperregiri

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 11a, 16:04

Mikel Odriozola, Idurre Zabaleta, Kepa Susperregi, Nagore Alkorta eta Ander LarraƱaga, gaur, udaletxean. (Azpeitiko Udala)

Azken 31 urteotan Azpeitiko Parrokiako erretorea izan da Kepa Susperregi, baina asteburuan ardura hori utzi eta Zarauzko Parrokiaren gidaritza hartuko du. Udalak "zorte ona" opa dio ibilbide berrian.

Uztailean jakin zen Azpeitiko Parrokia utzi eta Zarauzkoaren ardura hartuko zuela Kepa Susperregik. Ezustean iritsi zitzaion aldaketa 31 urtez Azpeitiko Parrokian aritu den elizgizonari, eta ezusteko handia izan zen albistea herritarrentzat ere. Hori horrela, agur bikoitza jasoko du Susperregik asteburuan, baina biharko eta etzirako antolatutako ekintzen bezperan, Azpeitiko Udalak ere agurtu nahi izan du hiru hamarkada pasatxoan Azpeitiko erretore izan dena.

Hain zuzen ere, udaletxean izan da gaur Susperregi, eta Nagore Alkorta alkatearekin nahiz Idurre Zabaleta, Mikel Odriozola eta Ander Larrañaga zinegotziekin elkartu da. Udalak "urteotan herritarrekin izandako gertutasuna eta laguntzeko izan duen prestutasuna" eskertu dizkio, eta "zorte ona" opa dio etapa berrirako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide