Joan zen apirilean Vox-eko kideen aurka protesta egin zuten herritarrak hasi dira deklaratzen. Espainiako alderdi ultraeskuindarrak protesta hartan parte hartu zuten hogei lagunen aurkako salaketa aurkeztu zuen, eta pertsona horiek lehengo astean hasi ziren epailearen aurrean beren lekukotza ematen. Aste honetan eta datorrenean segituko dute epailearen aurreko hitzorduekin, Azpeitiko epaitegian.
Salaketaren ikerketa fasea da zabaldu dutena; ikertutako pertsona gisa ari dira deklaratzen hogei herritarrak. Izan ere, Vox-ek hauteskunde delitua, gorroto delitua, mehatxu delitua eta hertsatze delitu larria leporatuta aurkeztu zuen hogei herritarren aurkako salaketa. Ikusteko dago, baina, deklarazioen fasea bukatuta, auzibidearekin aurrera jarraitzea edo artxibatzea eta bere horretan uztea erabakiko duen fiskalak.
Apirilaren 14an informazio mahai bat jarri nahi izan zuen Vox-ek Azpeitian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan. Ertzaintzak eskoltatuta iritsi ziren alderdi horretako bederatzi ordezkari herrigunera, baina berehala alde egin zuten, "faxistak kanpora!" ohiuen artean.
Hilabete batzuk igarota, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak joan zen urriaren 25ean jakinarazi zuen epailean aurrera deklaratzera deitu zituztela protesta hartan parte hartu zuten hogei lagun.