'La compañía', Hator Hator Horror Fest jaialdiko film laburrik onena

Andoni Elduaien 2024ko abe. 8a, 19:57

Rodriguez eta Agirrezabalaga, oholtzan azalpenak ematen. (Andoni Elduaien)

Azpeitiko beldurrezko eta fantasiazko zinema jaialdiak Caceresko (Espainia) Jose Mari Floresek egindako lana saritu du aurten; ikus-entzunezko lan horrek jaso ditu epaimahaiaren, eta El Showman lanak ikusleen sariak. Ospel Filmsek, berriz, Gizaki animaziozko azken lana aurkeztu du jendaurrean.

Filmak ikusteko moduko eguraldia egin du asteburuan, eta hainbat herritarrek egin dute hautu hori gaur, igandea, Soreasu antzokira joanda. Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema jaialdiaren laugarren edizioa tarteko, beldurrezko, animaziozko eta fantasiazko filmak eman dituzte Soreasu antzokian, Azpeitia zinema genero horren plaza bihurtuz. 

17:00etan hasita, Ospel Filmsek, Azpeitiko Udalak eta Kulturazek antolatuta, sail ofizialean lehiatu diren hamar film labur eskaini dituzte. Guztira, 250 film labur baino gehiago jaso dituzte antolatzaileek aurtengo jaialdirako, baina hamar izan dira lehiatu eta gaur aurkeztu dituztenak. La compañía film laburra izan da lehiaketako onena epaimahaiaren iritziz, eta El Showman lana izan da ikusleen gustukoena. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek ez dute saria irabazleari eskura ematerik izan, autoreak ez baitira Azpeitian izan. 

Jose Maria Floresek aurten ekoitzitako lana da La compañía, eta 2025eko Goya sarietarako hautagaien artean sartu dute. La Fièvre lanaren zuzendaria da Flores, eta 2022. urtean Espainiako Estatuko 50 zuzendari talentudunen artean sartu zuten hura. Azpeitiarrek gaur Soreasun ikusi duten moduan, film laburrak gizon-emakume bikote baten pasadizoa irudikatzen du; bikotea kalean afaltzera aterako da haurrak etxean utzita, eta bat-batean kaleko jendea bien artean pilatzen hasiko da. 

Hala eta guztiz, ere 11 lan ikusi dituzte antzokira joan direnek; izan ere, antolakuntza lanetan aritu den Xanti Rodriguezek Gizaki film laburra aurkeztu du arratsaldeko saioan. Xanti Agirrezabalagak eta biek film labur horri buruzko hainbat azalpen eman dituzte Soreasuko oholtzara igota. Kritika sozial "oso handia" egiten duen filma aurkeztu dute arratsaldean. Rodriguezek azaldu du, "guztion arteko sormenaren emaitza" izan dela lana. Agirrezabalagak, berriz, herrian halako lanak egiteko gaitasuna izateari eman dio garrantzia. "Makina bat ordu igaro ditugu estudioan lan hau sortzen, baina plazera da herrian halako lan profesionalak eta kalitatezkoak egitea", nabarmendu du. 

Tailerrak eta kontzertuak, atzo

Gaurko emanaldiez gain, atzo ere festibalari lotutako ekintzak izan ziren haurrentzat eta helduentzat. Goiz-eguerdi partean, magia gunea jarri zuten Olazko Andre Mariaren plazan, eta Sanagustin kulturgunean bueltan ilustrazio eta makillaje tailer bana izan ziren. Arratsaldean, berriz, Elbereth, Sijjin, Toxikull eta Iron Curtain metal musika taldeen kontzertuak izan ziren, Sanagustin kulturgunean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide