Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren laugarren aldia eta Domusa Teknik 15 MLK mendi lasterketaren bigarrena kirolaren bueltako festa handi bilakatu ziren atzo Azpeitian.
Goizeko lehen ordutik gaueraino, 65 kilometroko lasterketan lehiatu ziren 600 bat kirolariak eta 26 kilometrokoan irten ziren 350 inguru izan ziren protagonista nagusiak. Aurten, ordea, lokatza ere izan da protagonista. Izan ere, ibilbidearen berezko gogortasunari azkenaldiko eguraldi euritsuak gehitutako zailtasunei aurre egin behar izan zieten kirolariek. Irristadak eta erorketak ohiko bihurtuta, lokaztuta iritsi ziren lasterkariak helmugara, eta helmugaratu ezinda gelditu zirenak ere ez ziren gutxi izan; hala ere, 406 kirolarik osatu zuten proba nagusia, eta 292k laburrena.
Julen Calvok eta Mireia Ponsek irabazi zuten Domusa Teknik 40 MLK, eta Aritz Egeak eta Ikram Rharsallak Domusa Teknik 15 MLK. Atzoko irudi esanguratsuenak eta bi probetako sailkapenetako aurreneko euskaldunen adierazpenak uztartu ditu Guka Telebistak laburpen bideo honetan.