Ekitaldi jendetsuarekin inauguratu dute auzo lokala Nuarben

Gorka Eizagirre eta Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 13a, 15:43

Adin guztietako herritarrak elkartzeko zein Nuarberi "bizia emateko" tresna izateko helburuarekin martxan jarri dute gunea. Ibaieder auzo elkarte berria arduratuko da lokalaren kudeaketaz.

Badira hilabete batzuk erabiltzen hasi zirela, baina atzo inauguratu zuten Nuarben auzo lokala, adin guztietako herritarrak elkartzeko zein Nuarberi "bizia emateko" tresna izateko helburuarekin martxan jarri duten gunea.

Lehendik ezagutzen zutenak zein atzora arte bertan izan gabekoak elkartu zituen auzo lokalaren inaugurazio ekitaldiak atzo arratsean. Nahi Genduena soziedadeaz harago, nuarbetarrek ez dute izan aspaldiko urteetan elkartzeko gunerik. Udal aurrekontuak osatzeko bileretan-eta plazaratutako eskaera izaten zen lokalarena, eta eskaera horri erantzunez prestatu du 123 metro koadroko lokala Azpeitiko Udalak, 40.000 euroko inbertsioarekin, eliz ondoko etxe berrien azpian.

Udane Juaristik kanpoko paretetan margotutako horma irudiak egin zien harrera bertaratutakoei. Nuarberen historiari eta izaerari lotutako hiru elementu ageri dira Juaristiren lanean: sokatira, otarregintza eta nekazaritza. Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola zinegotziak hartu zuten hitza lokalaren atarian egin zuten ekitaldi xumean, eta herritar zaharrenak eta gazteenak eskutik ireki zuten ondoren, sinbolikoki, lokalaren atea, ekitaldira joandako guztiak barruko mahaietan zain zuten mokadu oparoaz gozatzen hasi aurretik.

Auzo elkartea kudeatzaile

Lokal berriak Nuarbe zein nuarbetarren arteko harremanak "biziberritzeko" eta "kaleko giroa suspertzeko" balio izatea espero dutela adierazi zuten Alkortak zein Odriozolak.

Gainera, lokala martxan jartzeko prozesuan Nuarben sortu duten auzo elkartekoek egindako lana eta ekarpena eskertu eta goraipatu nahi izan zituen zinegotziak. Ibaieder izena jarri diote elkarteari, eta bertako kideak arduratuko dira lokal berriaren kudeaketaz.

Behean, atzoko inaugurazio ekitaldian ateratako argazki batzuk:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide