Hiru hamarkadaz Azpeitiko Parrokiako erretore izan zen Kepa Susperregi arduratuko da aurtengo saninazioetako suziria pizteaz. Gaur hilabete herria jaietan bete-betean egongo da murgilduta, eta aurtengo jaien egitaraua osatzeko falta zen konturik garrantzitsuenetako bat gaur argitu du Azpeitiko Udalak.
Hain zuzen, txupinazioa nork bota erabakitzeko parte hartze prozesua jarri zuen martxan udalak duela aste batzuk. Herritarrek lau hautagairen artean, gustukoenetik hasitako hurrenkeran, lau puntu eta puntu bat artean eman behar izan dituzte. Susperregik, guztira, 3.310 boto jaso ditu, Marea Urdinak 2.802 boto, Izarraitz igeri elkarteak 2.229 boto, eta aldiz, 2.189 boto jaso dituzte euskarara etorriek.
Susperregik iaz utzi zion Azpeitiko erretore izateari, hura Zarautzera lekualdatu zuten eta. Azpeitia utziko zuela jakin zenean, elkarte eta eragile batek baino gehiagok antolatu zizkioten Susperregiri egindako lana eskertzeko agur ekitaldiak. "Aitortza horiei gehituko zaie, orain, txupinazoa botatzeko aukera izatea", esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Hain justu, "pozik" agertu da zinegotzia bozketak sortu duen saltsarekin. "Eskerrak eman nahiko genizkieke hautagaiak proposatu dituzten nahiz bozketan parte hartu duten guztiei", adierazi du hark.
Parte hartzeak gora
Udalak martxan jarritako partaidetza prozesu baten bidez erabaki dute herritarrek aurtengo saninazioetako txupinazoa nork botako duen; iaz egin zuten aukeraketa prozesua aurrenekoz, eta aurten, errepikatu egin du bide hori erakundeak. Udalak azaldu du iaz "harrituta" gelditu zirela prozesuak izan zuen erantzunarekin, eta aurten are handiagoa izan dela partaidetza.
Guztira, 1.053 pertsonak eman dute hautagaien aldeko botoa, iaz baino 351 gehiagok. Iaz, hain justu, azokako ekoizleek izan zuten festen hasierako txupinazoa botatzeko ardura.