Ostegunean, hilaren 24an, ospatuko duten Zubizat Fest jaialdian aurkeztuko dute duela aste batzuk kaleratutako Zubizar Hits izeneko diskoa. Zuzeneko emanaldiekin aurkeztuko dute hamahiru abestiz osatutako lana, 17:00etan hasita. Entsegu lokalen egoeraz, diskoaz nahiz uztailaren 24ko festaz solastu dira Zubizarreko kide Eneko Azpillaga, Gaizka Arrue eta Andoni Olaizola.
Honako hauek dira Zubizar Hits lanean parte hartu duten Azpeitiko norbanakoak eta musika taldeak: Katxo eta Xegu, Istilu, Arroite, Ukabil, Insane ft. Lurrikara, Puntapaxa, Tiratxinas, No Place, Esur Beltxa, Labankada, B.O.L, Arrol eta Azax. Diskoan parte hartu duten talde guzti-guztiak ezingo dira osteguneko festan aritu, baina bai gehienak.
Sustatzaileek azaldu duenez, diskoarekin erakutsi nahi dute Zubizar "bizirik dagoen espazioa" dela eta talde berriak ere bertaratzen ari direla. Halaber, azpimarratu dute "txiki" geratzen ari zaiela espazioa. "Zubizar hain da handia, txiki geratzen ari da".
Entzungai jarri dituzte kaleratutako diskoaren abesti guztiak, hemen.