Piaspe proiektu eolikoa

Statkraftek "atsekabez" hartu du Jaurlaritzaren ebazpena, eta helegitea aurkeztea aztertuko du

Julene Frantzesena 2025ko abu. 13a, 11:27

Haize errotak.

Piaspe proiektua martxan jarri nahi duen Norvegiako enpresak esan du ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko zain daudela, hura aztertzeko eta erabakiak hartzeko. Halaber, proiektuaren xedea energiaren sozializazioa sustatzen saiatzea dela esan du, eta gogorarazi du Sañoako parke eolikoak "ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen bideragarritasunari" erantzuten diola.

Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan Piaspe proiektua martxan jarri nahi duen Norvegiako Statkraft enpresak "atsekabez" hartu du Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena ukatu izana. Izan ere, enpresa horrek jakinarazi duenez, Sañoa inguruan eraiki nahi duen parke eolikoak "hiruko prisma" bati erantzuten dio; zehazki, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen bideragarritasunari.

Ebazpen ofiziala indarrean sartzen denean, erabaki horren aurkako helegitea jarri edo ez aztertuko duela adierazi du enpresak. Hala esan du: "Piaspe proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko zain gaude, eta argitaratzean, zehatz aztertuko dugu". Gainera, Statkraftek esan du aurretiazko baimen administratiboa ez dutela ebatzi eta publiko egin, eta dokumentazio guztia eskuetan dutenean aztertuko dutela egoera eta hartuko dituztela erabakiak.

Statkraften arabera, hainbat abantaila sortuko lituzke Piaspe parke eolikoak: 24.300 etxetara iritsiko litzateke energia hornidura eta 81 lanpostu sortuko lituzke. Gainera, enpresaren proiektuaren xedea da energiaren sozializazioa sustatzen saiatzea, beti ere, enpresen, administrazioan eta tokiko komunitateen inplikazioa lortuz. Statkraftek gogorarazi duenez, horretarako Mondragon Korporazioko Krean-ekin kolaborazio akordioa erdietsi zuen.

Norvegiako enpresako iturriek esan dutenez, "errespetuz" hartu dute Eusko Jaurlaritzak igorritako kontrako ebazpena, eta esan du aurrera begira ere trantsizio energetikoan laguntzen jarraitzea espero duela, "ezinbestekoa" baita hori egitea.

Herri mugimendua, pozarren

Sañu Bizirikeko, Errezil Bizirikeko eta Txilarramendi auzo elkarteko kideek agerraldia egin zuten atzo, Eusko Jaurlaritzaren ebazparen berri izan eta biharamunean. Haiek pozarren agertu ziren, Borrokak merezi izan du! lelodun pankartaren atzean.

Eusko Jaurlaritzak emandako ebazpena "oso sendoa" dela adierazi zuten haiek, eta Piasperi ateak ixtea herritarren lanari, mobilizazioari eta kemenari esker lortu dutela azpimarratu. Elkarte horietako ordezkariekin hitz egin zuen atzo Gukak, eta haiek adierazi zioten Statkraftek helegitea aurkezteko aukera bazuela.

Halaber, esan zuten ez dakitela zer gertatuko den Desarrollos Renovables Iberia enpresak Sañoan jarri nahi duen haize neurgailuarekin; izan ere, nahiz eta Piaspe proiektua momentuz bere horretan gelditu den, neurgailua jartzeko aukera du enpresa horrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak interes publikokotzat jo duelako haren ezarpena.

Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udalek, berriz, ohar bateratua kaleratu zuten herenegun, eta haiek "ontzat" eman dute Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ebaluazioaren emaitza. Azpeitiko EAJk, bestalde, X sare sozialean egin ditu adierazpenak. Alderdi horren aburuz, "instituzioek eta legediak bete duten beren lana, eta gure ingurua babestu dute".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide