23 lagun identifikatuta eta bat atxilotuta, Ertzaintzak bukatu du uztailaren 20ko istiluengatik abiatutako ikerketa

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 4a, 16:02

Plaza Txikiaren eta Enparan kalearen arteko eremua. (Nerea Uranga)

23 horietako azken biak, biak ere 18 urtekoak, azken egunotan identifikatu ditu Ertzaintzak, eta denei ere istilu horietan parte hartzeagatik desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egozten dizkie. Hemendik aurrera, epailearen esku geldituko da kasua.  

Ertzaintzak gaur jakinarazi duenez, amaitu du uztailaren 20an, Gaztetxearen urteurren ospakizunen bueltan, hainbat gazteren, Azpeitiko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean izandako istiluei lotutako ikerketa. Guztira, ikertu gisa, 23 pertsona identifikatu dituela adierazi du, eta horiez gain, 16 urteko herritar bat atxilotu duela.  

23 horietako azken biak, biak ere 18 urtekoak, azken egunotan identifikatu ditu Ertzaintzak, eta denei ere istilu horietan parte hartzeagatik desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egozten dizkie. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa amaituta, Ertzaintzak epaitegira bidali ditu dagozkion polizia eginbideak. Horrenbestez, hemendik aurrera, epailearen esku geldituko da kasua.  

Uztailaren 20ko goizaldean izan ziren istiluak, Plaza Txikiaren eta Enparan kalearen artean. Ertzaintzak Urola kaleko pilentzako edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] idatzi zuen herritar bat identifikatu zuen, eta segidan hasi zen dena. Udaltzaingoaren Plaza Txikiko egoitzara joan ziren hainbat lagun gertatutakoagatik protesta egitera, eta udaltzainek Ertzaintzari eskatu zion laguntza. Orduan hasi ziren istiluak, ertzaintzaren agenteak agertu zirenean, eta pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak; aske utzi zuten gero.

Ertzaintzak "istilu larriak" izan zirela adierazi zuen, eta gertakari horien ondorioz bi ertzain zauritu zirela. Hori horrela, ikerketa zabaldu zuen eta, istiluak izan eta hiru astera, abuztuaren 7an, Ertzaintzak 16 urteko gazte bat atxilotu zuen Azpeitian. Zarauzko ertzain etxera deitu zuten atxilotutako herritarra, eta eginbideak gauzatu ondoren, aske utzi zuten. Atxilotuarekin batera, beste hamar pertsona ere ikertu zituela jakinarazi zuen orduan Ertzaintzak, eta handik aste batzuetara, hamar haiez gain beste 11 ere ikertu zituela. Gaur, berriz, ikerketa bukatu duela adierazi du, haren balantzea zein izan den zehaztuta. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide