Uztailaren 20ko istiluei lotuta, dagoeneko 22 herritar ikertu ditu Ertzaintzak eta bat deklaratzera deitu dute

Nerea Uranga 2025ko ira. 6a, 09:37

Udaltzaingoaren egoitzaren ataria. (Nerea Uranga)

Poliziaren eta herritar talde baten artean izan ziren liskarrak uztailaren 20ko goizaldean, eta desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta, azken asteetan 18 urtetik 38 urtera arteko beste 11 pertsona ikertu ditu Ertzaintzak. Gertakarien ikerketak irekita segitzen duela ere adierazi du poliziak. Azpeitiko Gaztetxeak, berriz, jakinarazi du gazte bat deklaratzera deitu dutela, datorren asteartean Donostiako epaitegian.

Poliziaren eta herritar talde baten artean izan ziren liskarrak uztailaren 20ko goizaldean, eta desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta, azken asteetan 18 urtetik 38 urtera arteko beste 11 pertsona ikertu ditu Ertzaintzak, gaur jakinarazi duenez. Orotara, beraz, 22 herritar daude ikerketapean, eta Azpeitiko Gaztetxeak jakinarazi duenez, datorren astean deklaratzera deitu dute horietako bat, Donostiako epaitegian. Gaztetxeko kideen ustez, gazteen artean beldurra zabaltzeko helburuarekin jokatzen ari da Ertzaintza.

Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen uztailaren 20an poliziaren eta hainbat herritarren artean izan zen iskanbila argitzeko. Horren ondorioz, Istilua izan eta hiru astera, abuztuaren 7an, Ertzaintzak 16 urteko gazte bat atxilotu zuen Azpeitian. Zarauzko ertzain etxera deitu zuten atxilotutako herritarra, eta eginbideak gauzatu ondoren, aske utzi zuten. Atxilotuarekin batera, beste hamar pertsona ere ikertu zituen poliziak. Ertzaintzak gaur ohar bidez azaldu duenez, uztailaren 20ko gertakari horiei lotuta 18 urtetik 38 urtera bitarteko beste 11 pertsona ikertu ditu Urola Kostako ertzainetxeak abuztuan zehar eta iraileko lehen egunetan.

Orain arte ikertutako pertsonei "desordena publikoen delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua" leporatu dizkiete. Halaber, Ertzaintzak azaldu du oraindik irekita duela ikerketa, eta ez duela baztertzen pertsona gehiago atxilotzea edota ikertzea.

EAEko poliziaren oharrari erantzun dio Azpeitiko Gaztetxeak. Ertzaintzak adierazi du aipatu 11 pertsonak gizonezkoak direla, baina gaztetxekoek argitu dute emakumeak ere badaudela tartean. Bestalde, salatu dute Ertzaintzak abiatutako prozesu judizialak herriko gazteen artean beldurra zabaltzea duela xede.

Hori dela eta, ikerketa bertan behera uztea galdegin dute, eta babesa adierazi diete ikerketapean dauden gazteei nahiz asteartean deklaratzera deitu dutenari. "Gogor salatu nahi dugu Ertzaintzak sortutako muntaia poliziala justifikatu nahian gauzatzen ari diren prozesu judiziala", adierazi dute.

Uztailaren 20ko goizaldean izan ziren istiluak, Plaza Txikiaren eta Enparan kalearen artean. Ertzaintzak Urola kaleko pilentzako edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] idatzi zuen herritar bat identifikatu zuen, eta segidan hasi zen dena. Udaltzaingoaren Plaza Txikiko egoitzara joan ziren hainbat lagun gertatutakoagatik protesta egitera, eta udaltzainek Ertzaintzari eskatu zion laguntza. Orduan hasi ziren istiluak, ertzaintzaren agenteak agertu zirenean, eta pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak; aske utzi zuten gero.

Ertzaintzak "istilu larriak" izan zirela adierazu du, eta gertakari horien ondorioz "bi ertzain zauritu" zirela.

Gaztetxearen salaketa

Abuztuaren hasieran, istiluekin lotuta ertzainek gazte bat atxilotu zutenean, gertakariak "gogor" salatu zituen Azpeitiko Gaztetxeak, sare sozialen bidez. Herriko hainbat gazte ikertu arren, Gaztetxearen hitzetan, polizia izan zen egun hartan, "pintaketa bat aitzakiatzat hartuta", gazteen aurka "oldartu" zena eta Gaztetxearen urteurreneko festa "zapuztu" zuena. Gazte horien aurkako ikerketak bertan behera uztea ere eskatu zuen, eta "komunikabideen eta alderdi politikoen kriminalizazio saikaeraren" aurkako jarrera adierazi. Bestalde, kalez jantzitako poliziek gazte bati "informazioa ateratzeko asmoz kolaborazio eskaerak" egin izana ere salatu zuen orduan Gaztetxeak.

Erreakzio soka

Istiluen ostean erreakzio soka iritsi zen. Izan ere, uztailaren 20ko goizean –igande goizaldean izan ziren istiluak– istiluez esandakoak gezurtatu eta "poliziaren gehiegikeriak" salatu zituen Gaztetxeak, eta arratsaldean elkarretaratzea deitu zuen; eragile horrek salatu zuen "txikikeria bategatik neurrigabeko polizia operazioa" izan zela. Azpeitiko Udalak, berriz, babesa agertu zien udaltzainei, eta erakunde horrek esan zuen "segurtasun indarren aldetik istiluak areagotzeko jarrerak" ez direla onargarriak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak gertakariak gaitzetsi zituen, "onartezinak" direla esanda.

Udalak adierazpen horiek egin izana salatu zuten, halaber, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, polizia sindikatuak nahiz hainbat alderdi politikok; tartean, Azpeitiko EAJk eta Gipuzkoako EAJk. Azpeitiko Gazte Kontseilu Sozialistak ere irakurketa plazaratu zuen Azpeitiko EAJren hitzen aurrean. Azpeitiko EH Bilduk, bestalde, "proportzionaltasunean, kontentzioan eta prebentzioan oinarritutako polizia eredua" aldarrikatu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide