Uztailaren 20ko istiluen harira, adin txikiko herritar bat atxilotu du Ertzaintzak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 9a, 18:13

Udaltzaingoaren egoitzaren ataria.

Poliziaren eta herritar talde baten artean izan ziren liskarrak uztailaren 20ko goizaldean, eta desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta atxilotu zuten ostegunean 16 urteko gaztea. Halaber, arrazoi beragatik, hamar lagun ikertzeko eginbideak hasi ditu Ertzaintzak. Gaztetxeak "gogor" salatu ditu gertakariok, eta "kriminalizazio saiakeren" aurkako jarrera azaldu du. Bestalde, kalez jantzitako poliziek gazte bati "informazioa ateratzeko asmoz" kolaborazio eskaera egin diotela ere salatu du.

Istilua izan eta hiru astera, Ertzaintzak 16 urteko gazte bat atxilotu zuen ostegunean Azpeitian. Ertzaintzak azaldu duenez, ikerketa zabaldu zuen uztailaren 20an poliziaren eta hainbat herritarren artean izan zen iskanbila argitzeko, eta horren ondorioz gauzatu du atxiloketa. Zarauzko ertzain etxera deitu zuten atxilotutako herritarra, eta eginbideak gauzatu ondoren, aske utzi zuten.

Halaber, beste hamar gazteri ere zabaldu dizkiete eginbideak. Denei ala denei desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egitea leporatu diete. Ertzaintzak azaldu duenez, zabalik dute oraindik ere ikerketa, eta ez dute baztertzen pertsona gehiago atxilotzea edo ikertzea, istiluetan parte hartu eta desordena publikoa eragiteagatik. Ertzaintzak berretsi du bi agente zauritu zirela Plaza Txikian izan ziren istiluetan.

Uztailaren 20ko goizaldean izan ziren istiluak, Plaza Txikiaren eta Enparan kalearen artean. Ertzaintzak Urola kaleko pilentzako edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] idatzi zuen herritar bat identifikatu zuen, eta haren segidan hasi zen dena. Udaltzaingoaren Plaza Txikiko egoitzara joan ziren hainbat lagun gertatutakoagatik protesta egitera, eta udaltzainek Ertzaintzari eskatu zion laguntza. Orduan hasi ziren istiluak, ertzaintzaren agenteak agertu zirenean, eta pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak; aske utzi zuten gero.

Gaztetxearen salaketa

Gertakari horiek "gogor" salatu ditu Azpeitiko Gaztetxeak, sare sozialen bidez. Herriko hainbat gazte ikertzen ari badira ere, Gaztetxearen hitzetan, polizia izan zen egun hartan, "pintaketa bat aitzakiatzat hartuta", gazteen aurka "oldartu" zena eta Gaztetxearen urteurreneko festa "zapuztu" zuena. Gazte horien aurkako ikerketak bertan behera uztea ere eskatu du, eta "komunikabideen eta alderdi politikoen kriminalizazio saikaeraren" aurkako jarrera adierazi. Bestalde, kalez jantzitako poliziek gazte bati, "informazioa ateratzeko asmoz kolaborazio eskaerak" egin izana ere salatu du Gaztetxeak.

Eztabaida piztuta

Istiluen ostean erreakzio soka iritsi zen. Izan ere, igande goizean –goizaldean izan ziren istiluak– istiluez esandakoak gezurtatu eta "poliziaren gehiegikeriak" salatu zituen Gaztetxeak, eta arratsaldean elkarretaratzea deitu zuen; eragile horrek salatu zuen "txikikeria bategatik neurrigabeko polizia operazioa" izan zela. Azpeitiko Udalak, berriz, babesa agertu zien udaltzainei, eta erakunde horrek esan zuen "segurtasun indarren aldetik istiluak areagotzeko jarrerak" ez direla onargarriak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak gertakariak gaitzetsi zituen, "onartezinak" direla esanda.

Udalak adierazpen horiek egin izana salatu zuten, halaber, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, polizia sindikatuak nahiz hainbat alderdi politikok; tartean, Azpeitiko EAJk eta Gipuzkoako EAJk. Azpeitiko Gazte Kontseilu Sozialistak ere irakurketa plazaratu zuen Azpeitiko EAJren hitzen aurrean. Azpeitiko EH Bilduk, bestalde, "proportzionaltasunean, kontentzioan eta prebentzioan oinarritutako polizia eredua" aldarrikatu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide