Gaztetxearen ekintza euren kontra egiteko probestu izana leporatu dio GKSk EAJri

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 9a, 18:12

Palestinako bandera berriz ere Azpeitiko Batzokian da. (Mailo Oiarzabal)

Palestinarekiko bere konpromisoa hasieratik argia izan dela esan du koordinadora sozialistak, "Israel egiten ari den genozidioaren aurkako apustu irmoa", eta "errespetu falta larria" iritzi dio GKSk palestinar herriari kalte egiten diola esan izanari.

Astearte gauean Azpeitiko Gaztetxeko kideek Batzokitik Palestinako bandera kendu eta herriko plazan jarri izanak hautsak harrotzen jarraitzen du. Gaztetxeak bere gain hartu zuen ekintza, EAJri "aurpegia zuritu" nahia eta beste hainbat gauza leporatuta, eta atzetik etorri zen EAJren erantzuna. Besteak beste, Palestinako bandera Batzokitik kendu izanak "euskal gizarteak genozidioaren aurrean duen batasuna zatitzen" duela adierazi zuen eta GKSri leporatu zion "palestinar herriari kalte egitea". Orain, berriz, GKS nazionala izan da ekintzaren gaineko bere irakurketa plazaratu duena. 

GKSren arabera, EAJk Azpeitiko Gaztetxeak egindako ekintza bat probestu du "GKSren aurkako akusazioak zabaldu eta bere burua biktimizatzen jarraitzeko". Palestinarekiko bere konpromisoa hasieratik argia izan dela esan du koordinadora sozialistak: "Israel egiten ari den genozidioaren aurkako apustu irmoa".

Palestina aske baten alde eta bere erresistentzia eskubidearen defentsan egin diren hainbat mobilizazio eta ekimenetan parte hartu duela adierazi du, eta "errespetu falta larria" iritzi dio GKSk palestinar herriari kalte egiten diola esateari. "EAJrengandik, ordea, ezin da beste ezer espero. Orain aurpegia zuritzen saiatu nahian dabil mobilizazio herritarrek gain hartu diotelako, baina azken hilabete hauetan egin diren Israelen aurkako protesta ezberdinak kriminalizatu ditu, Espainiako Vueltakoa adibidez". Gainera, GKSren ustez, EAJk "ez du inolako borondaterik adierazi" Euskal Herriko enpresek Israelekin dituzten harremanak eteteko, "bera izanik Euskal Herriko enpresen ordezkari politiko nagusietako bat. Kontrara, akordio enpresarialak babesten jarraitu du. Gaztetxeak hipokresia hori salatu izana "EAJk GKS seinalatzeko erabili du".

Horiek esanda, GKSk adierazi du orain arte hartu duen posizioan berresten dela. "Izan ere, Israel egiten ari den genozidioaren aurrean berau desegitea aldarrikatzen jarraitu behar dugu, eta norabide horretan mobilizatzen jarraituko dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide