Nork bere kopetako zikinik ikusten ez...

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 23a, 10:05

Euskara Mahaiak herritarren hizkuntza portaeretan eragiteko xedearekin egin duen bideo laburren sortako azken aurrekoa da hau. Euskaraz ez dakitenei buruz gaizki esaka aritu bai, baina euskaraz ari direnean erdara barra-barra tartekatzen dutenak irudikatzen ditu.

Hizkuntza bat ez galtzen ez dakitenek bla bla bla. Esaldi horrekin bukatzen da Euskara Mahaiak herritarren hizkuntza portaeretan eragiteko xedearekin egin duen bideo laburren sortako azken aurrekoa. Hizkuntza erabilerarekin lotuta Azpeitian ohikoak diren edo izan daitezkeen zortzi portaeraren inguruko esketxak sortu ditu, hain zuzen, Euskara Mahaiak. Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak zuzendu dituzte ikus-entzunezkoak, eta Mireia Galarzak, Ekain Ibargurenek, Alejandra Zabaletak, Gurutze Eizmendik, Iñigo Agirrek eta June Urainek egin dituzte aktore lanak, herriko zenbait gaztetxorekin batera.

Udaberrian lau argitaratu zituzten, eta udazkenerako utzi zituzten beste laurak: urriaren 8an eman zuten lehendabizikoa, urriaren 16an bigarrena, eta atzo, urriaren 22an, hirugarrena. Azpeitiko Udalak atzo zabaldu zuen ikus-entzunezko laburrak euskaraz ez dakitenei buruz gaizki esaka aritu bai, baina euskaraz ari direnean erdara barra-barra tartekatzen dutenak irudikatzen ditu; nork bere kopetako zikinik ikusten ez dutenak, alegia.

Datorren asteazkenean, urriaren 29an, argitaratuko dute udazkeneko laugarren esketxa, bideo sorta osoko zortzigarrena eta azkena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide