Aurrenekoz ospatu zuten atzo Azpeitian I. Gau Beltza. Jende andana bildu zen 19:00etarako herriko plazan, han hasi eta leku berean amaitu baitzuten kalejira dozenaka haur eta gurasok. Aurpegiak estalita, mozorroak soinean eta kalabazak eskuetan, iluntasunean berpiztu zuten azpeitiarrek Gau Beltza edo Arimen Gaua.
Euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan oinarritutako Arimen Gaua ospatzeko gogoak elkartu ditu aurten hainbat guraso, eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, urriaren azken eguna elkarrekin eta modu berezian ospatu nahi izan zuten. Kalejiran zehar, gaztaina erreak jan zituzten, ipuinak eta istorioak kontatu... Plazan amaitu zuten atzo arratsaldeko ekitaldia, eta han beldurrak erre zituzten aurrena, eta ondoren, dantzak eta antzeztutako ipuin bat aurkeztu zituzten.