Azaroaren 25a

Azken urtean indarkeria matxista jasan duten 40 kasuren berri izan du udalak

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 25a

Azpeitiko Udalak bildutako datuen arabera, adin guztietako emakumeak izan dira indarkeria matxista jasanda artatutakoak, baina 18-30 urte bitartekoak izan dira identifikatutakoen gehiengoa. Kasuen %71,8 genero indarkeria kasuak izan dira. Indarkeria matxistaren kontra egiteko, gaurko hainbat mobilizazio daude deituta Azpeitian.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Aurten ere, indarkeria matxista jasan duten hainbat emakume izan dira Azpeitian. Azken urtean, udalak indarkeria matxista jasan duten 40 kasuren berri izan du, kasu horiek udal zerbitzuetan –Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Emakumeen Txokoa– eta Zumarragako OSI Goierri-Urolan jasotakoak dira.

Iazko urtean, 2024an, udalak 40 indarkeria matxista kasuren berri izan zuen, eta Udaleko Parekidetasun sailaren arabera, adin guztietako emakumeak izan ziren artatutakoak, baina 18-30 urte bitartekoak izan ziren identifikatuetakoen gehiengoa. "Nahiz eta, 30 eta 50 urte artekoen kopurua ere esanguratsua den", nabarmendu du udalak. %71,8 genero indarkeria kasuak izan dira, hau da, bikote edo bikotekide ohiarengatik jasotako indarkeria kasuak. Dena den, familia barruko indarkeria sexista, jazapen sexista eta sexu indarkerai kasuak ere identifikatu dituzte.

Indarkera matxista jasandakoentzako zerbitzuak

Azpeitiko Udalak urteak daramatza indarkeria matxista kasuen inguruko datuak jasotzen, baina urtez urte "fintzen" ari da datuen bilketa nahiz indarkeria matxistaren identifikazioa. Parekidetasun sailak adierazi du, datuen alderaketa egitea ez dela erraza: "2024ko datuak 2023koekin alderatuta kasu batzuk gehiago atzeman badira ere, ezin dugu jakin kasuen ugaritzeagatik edo idetifikazioagatik eta datu bilketan egindako aurrerapenengatik den". Dena den, udalak argi du indarkeria matxistari aurre egiteko udal politiketan sakontzen jarraitzea "ezinbestekoa" dela "prebentzioan, esku hartzean, erreparazioan zein osatzean" eragiteko.

Indarkeria matxistaren aurrean, hori jasan dutenei erantzun integrala eta diziplinartekoa eskaintzeko Iparrizar udal zerbitzu "berritzailea" jarri du Azpeitiko Udalak martxan. Zerbitzu horrek Gizarte Zerbitzuak, Emakumeen Txokoa eta Udaltzaingoa barnebiltzen ditu batez ere, eta indarkeriari aurre egiten diotenentzako hainbat aholkularitza eta zerbitzu eskaintzen ditu doan: bidelaguntza, aholkularitza psikologikoa, aholkularitza juridikoa, salaketa jartzea, laguntza ekonomikoa, sexualitatea, genero eta bikote aholkularitza, lanketa kolektiboak...

Mobilizazioak

Gaur, Azaroak 25, indarkeria matxistaren kontrako mobilizazio bat baino gehiago egingo dira Azpeitian. Arratsaldean izango dira elkarretaratze nagusiak kalean: Feministen Sareak deituta, 18:30ean, elkarretaratzea egingo da epaitegiaren aurrean. Itaiak deituta, berriz, 19:00etan plazatik hasita mobilizazioa egingo da. Goizean, berriz, IAk antolatutako hitzaldiak eta elkarretaratzeak izango dituzte ikastetxeetan.

Euskal Herriko mugimendu feministak egindako deialdi orokorrarekin bat egin du Azpeitiko Feministen Sareak, eta aurtengoan, egunerokoan ikus daitezkeen indarkeria matxistak sostengatzen dituzten "konplizitate sareak eta anaidiak" salatuko ditu. Hala, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista leloa erabiliko du 18:30ean epaitegiaren aurrean egingo duen mobilizazioan. Itaiak, bestalde, Indarkeria matxistaren aurrean kaleak hartu leloa plazaratuko du Azaroaren 25ean. Eragile horrek manifestazioa egingo du 19:00etan, plazatik hasita.

Baina goizean hasiko dira indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioak ikastetxeetan. Ikasle Abertzaleek (IA) antolatuta, hitzaldi eta elkarretaratze bana egingo dituzte DBHko eta Batxilergoko herriko hiru ikastetxeetan: Iraurgin, 10:05ean; Ikasberrin, 11:55ean; eta Izarraizpen, 12:45ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide