Azaroaren 25a da gaur, indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko eguna, eta horixe bera egin dute hainbat herritarrek. Eguraldi makurrak lagundu ez badu ere, herritarrek ez dute etxean gelditu nahi izan urtez urte areagotzen ari den indarkeriaren aurrean, eta ozen zabaldu dituzte aldarriak Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean.
Arratsaldean egin dituzte mobilizazio nagusiak kalean. Feministen Sarea izan da protesta egiten aurrena; 18:30ean mobilizatu da Epaitegiaren aurrean. Euskal Herriko mugimendu feministak egindako deialdi orokorrarekin bat egin du Azpeitiko Feministen Sareak, eta aurtengoan, egunerokoan ikus daitezkeen indarkeria matxistak sostengatzen dituzten "konplizitate sareak eta anaidiak" salatu ditu, indibidualki gizonek elkarren artean egiten dituzten sareak hain zuzen, euren pribilegioak babestuz. Hala, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista leloa erabili du Epaitegiaren aurrean egin duen mobilizazioan.
Gogoan izan dituzte joan den urtean Euskal Herrian eraildako sei emakumeak eta haien ingurukoak, eta baita Palestina eta han zein munduko beste leku batzuetan borrokan ari diren feministak ere. Salatu dute indarkeria ez dela ausazkoa, sistemak askotariko egiturak eta mekanismoak dituela martxan indarkeria gorputzetan eta lurraldeetan betikotzeko. "Eta horien artean daude gaur irmo salatu nahi ditugun konplize edo anaidia sare horiek. Paktu patriarkalak, isiltasun sareak". Instituzioei zuzendutako kritika ere egin dute, horiek ere parte hartzen dutelako zapalkuntza sistema horretan; justiziaren arloan, adibidez. Hain zuzen ere, Miren Alcedo epaitegiko langileak hartu du hitza jarraian, eta hark epaitegian ikusten dituen egoerak eta emakumeek eremu horretan duten tokia izan du hizpide, horiek guztiak liburu batean jasotakoa delako. Eguna joan eguna etorri egoera latzak kudeatu beharra izaten dituztela esan du, eta hala ere, hitz politak jasotzen dituztenak gizonak izaten direla.
Ondoren, 19:00etan, Itaiak hartu ditu kaleak. Indarkeria matxistaren aurrean kaleak hartu leloarekin, manifestazioa egin du antolakunde sozialistak, plazatik abiatuta Foru Ibilbidean eta Alde Zaharreko kaleetan barrena. Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko deia luzatu dute antolakunde sozialistako kideek. "Gure aurkako indarkeriak emakume langileon errealitate gordina izaten jarraitzen du". Euskal Herrian, eta zenbait kasutan, Azpeititik ez oso urrun jazotako hainbat indarkeria kasu zerrendatu dituzte ondoren: Iruñeko talde bortxaketa; Zarautzen, Gasteizen, Erandion edo Igorren izandako eraso matxistak; indarkeria matxistaren aurpegi ilunenak diren erailketa matxistak; Angelun bere bikote ohia hiltzen saiatu zen gizona; eta Zarauzko erailketa matxista, besteak beste. Gogoan izan dituzte aurten indarkeria matxistaren ondorioz hil diren sei emakumeak, baina antolakunde sozialistako kideek adierazi dute badakitela "isilpean eta ezkutuan beste hainbat eraso" gertatzen direla.
Erasotzaileek "inpunitate osoz" gauzatzen dituzten erasoak eta erasotuak izan direnek "salatzeko ezintasun handiak" dituzten kasuak ere aipatu dituzte, esaterako, familiako kideren batek edo gertuko pertsonaren batek gauzaturikoak. Horien aurrean, erasoak salatzeko deia zabaldu nahi izan dute gaur eliz atarian. "Ezin dugu onartu eraso bakar bat ere salatu gabe geratzea. Gu guztion ardura da erasotuak diren emakumeak defendatzea eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea". Era berean, zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldeko borrokan berretsi dira, eta erakundeen hipokrisia salatu dute: "Indarkeria matxistaren kudeaketaren inguruko eztabaidek ez dute inolako baliorik horrekin amaitzeko proposamen politikorik ez bada mahai gainean jartzen. Indarkeria matxistarekin amaitzeak langile klaseko kolektibo ezberdinen zapalkuntzak indartzen dituen gizarte ereduarekin amaitzea esan nahi du. Horregatik, estatu sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen alternatiba politikoa gauzatzea da gure hautua".