Miren Segurola UEMAko koordinatzailea, Naziogintzaren hitzaldi zikloko hirugarren gonbidatua

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 16a

Miren Segurola UEMAko koordinatzailea. (UEMA)

UEMA: Euskararen lurgunea josten izenburupean eskainiko du hitzaldia etzi, 19:00etan hasita, Basazabal jauregian. Euskara bidegurutzean zikloaren barruko beste hitzordu bana izango da apirilean eta maiatzean.

Naziogintza taldearen Euskara bidegurutzean zikloko hirugarren solasaldia izango da etzi, asteazkena. Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak UEMA: Euskararen lurgunea josten izenburupean eskainiko du hitzaldia, 19:00etan hasita, Basazabal jauregian.

Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak ireki zuen Naziogintzaren zikloa joan zen urtarrilean, eta haren ondotik, otsailean,  Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduradunaren txanda izan zen; hark Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoari buruz hitz egin zuen.

Etziko saioa igarota, apirilaren 16an izango da hurrengo hitzordua: immigrazioak euskararengan duen eraginari buruzko mahai ingurua eskainiko dute Iñaki Iurrebasok, Jon Sarasuak eta Xabier Aierdik. Zikloko azken solasaldia, berriz, maiatzaren 12an izango da, eta Kike Amonarrizek euskarak Tolosan (Gipuzkoa) izan duen bilakaera arrakastatsuari buruz hitz egingo du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide