Ehunmilak Bira egitasmoaren hirugarren etaparako izen ematea ireki du Lagun Onak MBk

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 12a

Aralar, Txindokitik. (Wikipedia)

Apirilaren 25ean egingo dute mendizaleek Larraitz eta Lizarrusti lotuko dituen ibilaldia, Aralarren barrena. Hilaren 23a izango da izena emateko azken eguna.

Apirileko azken zapatuan, hilaren 25ean, osatuko du Lagun Onak MBk Ehunmilak Bira egitasmoaren hirugarren etapa, eta parte hartu nahi dutenek hilaren 23a arte eman dezakete izena.

Otsailean Azpeitia-Tolosa eta martxoan Tolosa-Larraitz etapak egin ondoren, Larraitz eta Lizarrusti lotuko dituzte mendizaleek apirileko etapan. Hamasei kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa duen ibilbidean, Aralar mendi kateko gailur ezagunenetako batzuk zeharkatu beharko dituzte mendizaleek. "Etapa laburra, baina aldapaz betea", antolatzaileek sare sozialetan nabarmendu dutenez.

Apirilaren 25ean, 07:00etan irtengo dira Larraitz aldera autobusean mendizaleak, anbulatorio aurretik. Lagun Onak MBk bere webgunean zehaztuta ditu izena emateko jarraibideak; mendizaleen elkarteko bazkideek 15 euro, eta bazkide ez direnek 20 euro ordaindu beharko dituzte. Ibilbidearen track-a ere mendizaleen webgunean ikus daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide