Immigrazioak euskararengan duen eragina izango dute hizketagai etzi Basazabalen

Iraia Oteiza 2026ko apirilaren 14a

'Euskara bidegurutzean' zikloko aurreneko hitzaldiko irudia. (Naziogintza)

Euskara eta immigrazioa: aukerak eta erronkak izenburupean eskainiko dute hitzaldia Jon Sarasuak, Karmelo Landak eta Xabier Aierdik. 19:00etan hasiko da saioa, Basazabal jauregian. Euskara bidegurutzean zikloko laugarren solasaldia izango da etzikoa. 

Naziogintza taldeak antolatutako Euskara bidegurutzean zikloko laugarren solasaldia izango da etzi, osteguna. Jon Sarasuak, Karmelo Landak eta Xabier Aierdik Euskara eta immigrazioa: aukerak eta erronkak izenburupean eskainiko dute hitzaldia, 19:00etan hasita, Basazabal jauregian. 

Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak ireki zuen Naziogintzaren zikloa joan zen urtarrilean, eta haren ondotik, otsailean,  Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduradunaren txanda izan zen; hark Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoari buruz hitz egin zuen. Martxoan, berriz, Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak UEMA: Euskararen lurgunea josten izenburupean eskaini zuen hitzaldia, eta UEMAren bilakaeraren eta egitekoen berri eman zuen hark. 

Etziko saioa igarota, maiatzaren 12an izango da zikloko bosgarren eta azken solasaldia: Kike Amonarrizek euskarak Tolosan (Gipuzkoa) izan duen bilakaera arrakastatsuari buruz hitz egingo du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide