Jakin-mina sortu zuen Naziogintza taldeak antolatutako Euskara bidegurutzean zikloko laugarren solasaldiak. Euskara eta immigrazioa: aukerak eta erronkak izenburupean eskaini zuten hitzaldia Jon Sarasuak, Karmelo Landak eta Xabier Aierdik, eta jende ugari bertaratu zen Basazabal jauregian egindako hitzordura. Iñaki Iurrebaso soziologoa eta UEMAko ikerketa teknikaria zen iragarritako hizlarietako bat, baina Karmelo Landak hartu zuen haren lekua azkenik, soziologoak ezin izan baitzuen solasaldian egon. Iurrebaso bertan ez izan arren, hark euskararen egoeraz egindako ikerketek eta hausnarketek izan zuten beren lekua solasaldian zehar. Egon zen Iurrebasoren falta sumatu zuenik, interesa pizten baitute haren azalpenek. Ihintza Elustondo kazetariak gidatu zuen saioa.
Jon Sarasua Garabide elkarteko kidea da eta Euskaltzaindiaren euskaltzain urgazlea. Euskararen Aholku Batzordeko kidea ere bada. Azken urteotan euskararen biziberritze prozesuari buruz lan mardula egiten ari da, estrategia berriak bilatuz hizkuntzak globalizazioaren aroan dituen erronka handiei aurre egiteko. Xabier Aierdi soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Soziologian doktorea EHUn. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren sortzailea eta zuzendaria izan zen. Halaber, Begirune Ikerketa Laborategiko zuzendaria izan zen immigrazio gaietan eta Eusko Jaurlaritzaren aholkularia Enplegu eta Gizarte politiketako sailean. Karmelo Landa Historia garaikidearen eta modernoaren lizentziaduna da eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea izan da urte luzeetan, baita bertako dekanordea ere. HBko mahai nazionaleko kidea, Europako Parlamentuan diputatu lehenik eta gero Eusko Legebiltzarrean parlamentaria izan da. Hainbat urtetan Eusko Legebiltzarreko ordezkaria izan zen EITBko administrazio kontseiluan. Hiru solaskide, euskarari buruzko ikerketan arituak eta adituak.
Hainbat gai jorratu zituzten ordu eta erdi iraun zuen solasaldian, baina hasteko, hizlariek adierazi zuten migrazio mugimenduek gaur egun jarraitzen duten erritmoa jarraitzen badute, euskarak askotariko erronkak izango dituela epe motzera.
Immigrazioak euskararen auzian ireki ditzakeen aukerez baino, etorkizuneko erronkez aritu ziten hiru gonbidatuak mahai bueltan. Euskal Herrian planifikazio lingusitikoa egin gabe dagoela eta lurralde osorako planifikazio bera proposatzeak "hankarik eta bururik ez" duela aipatu zituzten, gaineratuta hezkuntza esparruan neurriak lehenbailehen hartu beharra dagoela. Halaber, ikerketaren garrantzian egin zuten azpimarra; izan ere, haien aburuz, oso gutxi ikertu da euskara.

Euskara "mundu mailan fenomeno harrigarria" dela adierazi zuten, “hizkuntza gutxitua izanik, lortu baitu estaturik gabe hainbeste urtez birik irautea”. Munduko hainbat txokotan, hizkuntza gutxituak dituzten lekuetan, euskaldunak miretsi egiten dituztela aipatu zuten solaskideek. Horren karietara, euskaldunok “gure burua aintzat hartzeko eta gehiago ikertzeko beharra” dagoela nabarmendu zuten, “orain gauden egoera dramatikotik ateratzeko” proposamen gisa.
UEMAren eskariz SIADEkok euskararen arnasguneez egindako ikerketa izan zuten hizpide solasaldiaren zati handi batean. Ikerketa horrek dio hamar urteren buruan euskararen arnasguneak desagertu daitezkeela egoerak horrela jarraitzen badu. Datuak ikusita, hizlarien hitzetan, “urgentziaz eta arduraz jokatzeak garrantzia handia dauka".
"Bidegurutze zail honetan", hainbat arlotan "erronka asko eta egiteko ugari" daudela ondorioztatu zuten hiru hizlariek. Elustondok, mahai ingurua gidatzeko ardura izanik, saioa borobiltzeko "ezkortasunari argi izpi batzuk" jartzeko eskatu zien solasean aritu ziren adituei, eta haiek hainbat proposamen eta ideia elkarbanatu zituzten, nabarmenduta oraindik posible dela egoerari buelta emateko gauzak egitea, behintzat, euskararen egoera txarrera joan ez dadin. Norabide horretan kokatu zituzten erakunde politikoen esku-hartzeak, askotariko politiketan euskara biziberritzeko neurriak hartzea, komunitate estrategiak martxan jartzea eta komunitate bezala jardutea. “Komunitate bezala badaukagu zer egina”, adierazi zuten.
Esaterako, Sarasuak aipatu zuen planifikazio demografikoa egitea aukera bat dela, hainbat lekutan egiten den gisan nahiz eta ez duen uste Euskal Herrian epe motzean egingo denik. Aierdik, bere aldetik, beste hainbat proposamen egin zituen etorkinak euskalduntzeko erronkari lotuta. Solaskideek analisi gehienentsuenak adostasunez elkarbanatu zituzten arren, immigrazio mugimenduez iritzi desberdinak adierazi zituzten Landak eta Aierdik.
Euskaraz eta migrazioaz luze aritu ostean, ordura arte entzundako guztiarekin kontrastean, gaztelaniazko olerki batekin itxi zuen hitzordua Jon Sarasuak, ondorengoa nabarmenduta: euskara hizkuntza zapaldua da eta zapalkuntza horrek berak elkartu ditu euskaldunak; zapalkuntzak bultzatu du erresistentzia. Horrenbestez, “esperantza izpi batzuk piztuta” bukatu zuten solasaldia, entzuleen txalo artean.
Laster, osorik ikusgai
Naziogintza taldeak "esker onak" eman dizkie osteguneko mahai ingurura bertaratu ziren herritar guztiei, eta nabarmendu dute hitzordua "arrakastatsua eta mamitsua" izan zela. "Basazabaleko areto nagusia txiki geratu zen, asko izan baitziren ekitaldia zutik jarraitu behar izan zutenak. Zalantzarik gabe, gaiak jendearen jakin-mina piztu zuen", baloratu dute Naziogintzako kideek.
Gainera, aurreratu dute datozen egunetan ikusgai jarriko dutela hitzaldia oso-osorik. Hain zuzen, Naziogintza taldearen Youtubeko kanalean zintzilikatuko dute hitzaldiaren ikus-entzunezkoa.
Hitzaldi zikloa, azken txanpan
Mahai ingurua igarota, maiatzaren 12an egingo dute zikloko bosgarren eta azken solasaldia. Kike Amonarriz ariko da hizlari, eta euskarak Tolosan (Gipuzkoa) izan duen bilakaera arrakastatsuari buruz hitz egingo du. Euskarak gaur egun bizi duen egoeraren diagnostikoa osatzeaz gain, teoriatik praktikara igarotzeko gakoak identifikatzea izan da Naziogintza taldeak antolatutako hitzaldi zikloaren xedea, "larrialditik pizkunderako bidea marrazteko proposamenak biltzea".
Jon Sarasuak euskararen biziberritze prozesuari buruzko solasaldiarekin ireki zuen Naziogintzaren zikloa joan zen urtarrilean, eta haren ondotik, otsailean, Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduradunaren txanda izan zen; hark Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoari buruz hitz egin zuen. Martxoan, berriz, Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak UEMA: Euskararen lurgunea josten izenburupean eskaini zuen hitzaldia, eta UEMAren bilakaeraren eta egitekoen berri eman zuen hark.