Joan den larunbatean Ehunmilak Bira etapaz etapako egitasmoaren hirugarren etapa osatu zuen Lagun Onak mendi bazkunak. 65 mendizalek parte hartu zuten Larraitz eta Lizarrusti arteko etapan, eta eguraldi aldakorra izan bazuten ere, ibilbide erditik aurrerako bidea eguzkipean osatu zuten. 16 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa gainditu zituzten mendizaleek, Aralar mendi kateko gailur ezagunenetako batzuk zeharkatuz, tartean Txindoki nahiz Ganboa.
Ehunmilak Bira Azpeitian hasi eta bukatuko dute, zazpi etapatan 171 kilometro luzerako bidea eginez. Larraitz eta Lizarrusti arteko etaparen aurretik, otsailean Azpeitia-Tolosa eta martxoan Tolosa-Larraitz etapak osatu zituzten. Aurreneko hiru etapak jada eginda, laugarrena maiatzaren 23an (larunbata) egingo dute. Laugarren irteeran Lizarrusti eta Otzaurte lotuko dituzte, 20 kilometroko bidea osatuz eta Intsusburuko gailurra eginez.
Hona hemen Ehunmilak Bira egitasmoko hurrengo etapen egutegia:
- Maiatzak 23. Lizarrusti-Otzaurte. 20 kilometro. Gailurra: Intsusburu.
- Ekainak 20. Otzaurte-Beasain. 36 kilometro. Gailurrak: Aizkorri eta Aketegi.
- Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
- Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.