Euskara bidegurutzean hitzaldi zikloa iritsi da amaierara Kike Amonarriz soziolinguistak Tolosako esperientziaren gakoez emandako solasaldiarekin. Erabilera %29tik %52ra. Tolosaldeko esperientziaren gakoak izenburupean eskaini zuen hitzaldi zikloko azken saioa atzo arratsaldean, eta azken hitzorduetan bezala, jende ugari elkartu zen Basazabal jauregian.
Euskarak gaur egun bizi duen egoeraren diagnostikoa osatzeaz gain, teoriatik praktikara igarotzeko gakoak identifikatzea izan da Naziogintza taldeak antolatutako hitzaldi zikloaren xedea, "larrialditik pizkunderako bidea marrazteko proposamenak biltzea". Tolosaldeko esperientzia positiboarekin itxi dute egitasmoa, ikuspegi edo norabide baikorrarekin, pizkunderako bide horretan egin daitezkeen etxeko lanak aletuta.
Amonarrizek solasaldia hasterako aipatu zuen hitzaldia eskaintzeko Naziogintzakoen proposamena jaso ostean, Tolosaldeko euskararen erabilera datuek beherantz egin dutela zertxobait. Dena den, urte luzeko esperientzia eta "arrakastaren gakoak" nahiz egindako gogoetak elkarbanatu zituen. Uneotan, euskararen auziari "ilusioz baina kezkaz" begiratzen diola aipatu zuen Amonarrizek, "lanean mikroan ari garen arren, makroak eragin zuzena" duelako. "Euskararen biziberritzea konplexua eta ertz askokoa" da tolosarrarentzat. Datu mordoxka eta hainbat grafiko erakutsi zituen hitzaldiaren aurreneko zatian, euskararen kaleko erabilerari lotutakoak gehienak – Siadecorenak–, eta ikerketa institutu horren datuak erabili ditu Uemak ere azken azterketarako. Datuak biltzea eta ikerketak egitea garrantzitsutzat ditu Amonarrizek, "gaur egungo egoera ikusteko ez ezik, atzera begiratzeko eta eboluzioaz jabetzeko aukera eskaintzen dutelako".
Soziolinguistaren hitzetan, Tolosaldeko eskualdearen esperientzia ez da esperientzia positibo bakarra, eta horretan azpimarra egin zuen hizlariak, Gasteizko nahiz Lizarrako kasuak gogora ekarrita. Hamarkadetan zehar euskararen erabilerak Euskal Herrian izandako eboluzioa aztertu ostean, Tolosaldean euskararen normalizazioan egindako ekarpenak xehetu zituen tolosarrak. Eskualde mailako euskara talde bateratua egotea eta hezkuntza esparruan nahiz erakundeetan hartutako neurrien eragin positiboa goraipatu zituen Amonarrizek. Hori bai, atzo hizpide edukitako esperientzia edonora estrapola daitekeela uste du, Euskal Herriko edozein herri zein hiritara.
Gakoak eta zereginak
Eskolaz kanpoko jardueren euskarazko garapena "heldulekurik garrantzitsuenetako bat" dela aipatu zuen hizlariak, baita mugimendu soziala ere, "udaletatik harago". "Horrela sortu zen Galtzaundi", azaldu zuen. Galtzaundi da Tolosaldeko euskara elkartea, indartsu dagoena gaur egun. Euskara elkartearen barruko belaunaldi arteko transmisioari ere eman zion balioa.
Tolosaldean euskararen biziberritzerako "gakoak" izan direnak zerrendatu zituen soziolinguistak. Haren aburuz, eskualdearen ekintzailetasuna, berrikuntzarako anbizioa, Gure Zirkua, zeharkotasuna (ahalik eta jende gehiena euskarara hurbilaraztea), aktibaziorako anbizio errealista, aldarria eta ospakizuna uztartzea, herriko eragile guztien inplikazioa eta arnasgune funtzionalak ugaldu izana dira gako nagusienetako batzuk. Halaber, adierazi zuen gaur egun ardura postuetan daudenak euskaraz hazi eta bizitakoak izateak baduela eragina, hainbat erabaki naturaltasunez hartzera bultzatu dituelako.
Etorkizunera begira, "eragileen arteko artikulazioa" ezinbesteko ikusten du Amonarrizek: "Udaletxe inplikatua, euskalgintza egituratu eta indartsua nahiz hezkuntza eta eragile sozialak sare horretan aritzea jarrera inplikatuarekin". Aipatu zuen Tolosaldean ere izan dituztela "kirisiak" urteetan zehar, eragileen artean, alderdi politikoen artean edota hezkuntza esparruan, baina horien aurretik euskara jarri dutelako egin dute aurrera, Amonarrizen iritziko.

Urteetan zehar Galtzaundi euskara elkartearen sustapenez eta herriko eragileen parte hartzearekin martxan jarritakoak elkarbanatu zituen hitzaldia borobiltzeko: ikastaroak, tertula literarioak, lehiaketak, saltokien lanketa jarraitua, Galtzakomik, ikasleak aktibatzeko programak, ahalduntze tailerrak, umore jaialdiak, autobusak euskararen aldeko ekitaldietara, Gau Beltza, Euskararen Egunean ekitaldiak herriz herri, eta abar. Norabide horretan lan egitera deitu zituen herritarrak.
Galderen txandan, herritar gehienek erakundeetan jarri zuten arreta: Eusko Jaurlaritzan, Hezkuntza Sailean, udaletan... Amonarrizek behin eta berriz nabarmendu zuen ezinbestekoa dela erakundeen jarrera aktiboa, baina eragile sozialak eta hezkuntza ez arautua euskararen alde aktibatzean egin zuen azpimarra, herritarrek euskararen borroka haiena ere badela senti dezaten.
Hitzaldi zikloa, bukatuta
Jon Sarasuak euskararen biziberritze prozesuari buruzko solasaldiarekin ireki zuen Naziogintzaren zikloa joan zen urtarrilean, eta haren ondotik, otsailean, Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduradunaren txanda izan zen; hark Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoari buruz hitz egin zuen. Martxoan, berriz, Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak UEMA: Euskararen lurgunea josten izenburupean eskaini zuen hitzaldia, eta UEMAren bilakaeraren eta egitekoen berri eman zuen hark. Apirilean, mahai inguruaren txanda izan zen. Orduko hartan, Euskara eta immigrazioa: aukerak eta erronkak izenburupean aritu ziren Jon Sarasua, Karmelo Landa eta Xabier Aierdi. Kike Amonarrizenak itxi du hitzaldi zikloa.
Hitzaldi guztiak ikusgai jarriko ditu Naziogintzak haren Youtube kanalean.