Epailearen aurrean deklaratuta, Gaztetxearen urteurreneko istiluen harira hasitako auzibidea bertan behera uzteko eskatu dute

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 21a

Hainbat gazte auzipetuei babesa agertzen atzo, Betharramen. (Azpeitia Errepresioaren Aurka)

Atzo igaro ziren epailearen aurretik joan zen uztailaren 20ko istiluetan desordena publikoa eragitea eta agintaritzako agenteen aurkako atentatua egitea egotzita auzibidean diren 23 lagunetatik deklaratzeko zeudenak. Ikusteko dago epaileak zer bide hartuko duen. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideek salatu dutenez, "gazteak kriminalizatzeko helburuarekin" hasi zuten auzibidea, eta zigor eskaerak bertan behera uztea galdegin dute.

Atzo bukatu zen joan zen uztailaren 20an Azpeitiko Gaztetxearen urteurren ospakizunen bueltan izan ziren istiluen harira hasitako deklarazio fasea. Gertaera haietan desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita, Ertzaintzak 23 lagun jarri zituen auzibidean. Horiek nahiz lekukoak urtarrilaren hondarrean hasi ziren epailearen aurrean deklaratzen; gehienek egun haietan deklaratu zuten, baina itzultzailea falta zela eta, azken lau kideen deklarazioak maiatzaren 20ra atzeratu zituzten. Horiek ere igaro dira epailearen aurretik, eta ondorioz, bukatu da instrukzio fasea. Epailearen esku geratu da auzia, beraz. 

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma sortu zuten hainbat herritarrek auzipetutako herritarrei –baita Vox-en aurkako protesten harira deklaratzera deitutakoei ere– babesa adierazteko. Plataforma horretako kideek zigor eskaera denak bertan behera uztea eskatu dute. "Esan nahi dugu alderdi politikoen, sindikatu polizialen eta komunikabideen kanpaina izan dela dena, gazteria kriminalizatzeko helburuarekin". Halaber, eskerrak eman dizkiete auzibidea hasi zenetik auzipetuei babesa adierazi dieten herritar denei: "Elkartasun keinuek balio dute horri guztiari aurre egiteko, baita aurrerantzean etor daitezkeen kriminalizazio kanpainak ez normalizatzeko ere". 

Gainera, atzo auzipetuei babesa agertzeko argazkia atera zuten hainbat lagunek Betharrametako jolastokian, Gaztetxeko Futbito Txapelketako hitzorduak baliatuta. 

Pintaketa bat, abiapuntu

Iazko uztailaren 20ko goizaldean izan ziren istiluak, Plaza Txikiaren eta Enparan kalearen artean. Ertzaintzak Urola kaleko pilentzako edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] idatzi zuen herritar bat identifikatu zuen, eta segidan hasi zen dena. Udaltzaingoaren Plaza Txikiko egoitzara joan ziren hainbat lagun gertatutakoagatik protesta egitera, eta udaltzainek Ertzaintzari eskatu zion laguntza. Orduan hasi ziren istiluak, ertzaintzaren agenteak agertu zirenean, eta pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak; aske utzi zuten gero.

Ertzaintzak "istilu larriak" izan zirela adierazi zuen, eta gertakari horien ondorioz bi ertzain zauritu zirela. Hori horrela, ikerketa zabaldu zuen eta, istiluak izan eta hiru astera, abuztuaren 7an, Ertzaintzak 16 urteko gazte bat atxilotu zuen Azpeitian. Zarauzko ertzain etxera deitu zuten atxilotutako herritarra, eta eginbideak gauzatu ondoren, aske utzi zuten. Atxilotuarekin batera, beste hamar pertsona ere ikertu zituela jakinarazi zuen orduan Ertzaintzak, eta handik aste batzuetara, hamar haiez gain beste 11 ere ikertu zituela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide