Ehunmilak Biraren laugarren etapa osatu dute 69 mendizalek

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 28a

Ehunmilak Birako Lizarrusti eta Otzaurte arteko etapan 20 kilometro eta 1.000 metroko malda gainditu dituzte mendizaleek, Aralarko eta Aizkorriko natur parkeak lotuz basoz baso. Hurrengo etapa ekainaren 20an egingo dute, Otzaurte eta Beasain artean. 

Ehunmilak Bira etapaz etapako egitasmoaren laugarren etapa osatu zuten larunbatean, maiatzaren 23an, Lagun Onak mendi bazkunako mendizaleek. Lizarrusti eta Otzaurte artean, Aralarko eta Aizkorriko natur parkeak basoz baso lotu zituzten, Intsusburuko gailurra eginda. 69 mendizalek egin zuten 20 kilometro eta 1.000 metro maldako ibilbidea. Gainera, eguraldi zoragarria izan zuten ingurune zoragarrietan oinez ibiltzeko.

Ehunmilak Bira Azpeitian hasi eta bukatuko dute, zazpi etapatan 171 kilometro luzerako bidea eginez. Lizarrusti eta Otzaurte arteko etaparen aurretik, otsailean Azpeitia-Tolosa, martxoan Tolosa-Larraitz eta apirilean Larraitz-Lizarrusti etapak egin zituzten. Aurreneko lau etapak dagoeneko eginda, bosgarrena ekainaren 20an (larunbata) egingo dute. Bosgarren irteeran Otzaurte eta Beasain lotuko dituzte, 36 kilometroko bidea osatuz nahiz Aizkorri eta Aketegi gailurrak eginez. 

Hona hemen Ehunmilak Bira egitasmoko hurrengo etapen egutegia:

  • Ekainak 20. Otzaurte-Beasain. 36 kilometro. Gailurrak: Aizkorri eta Aketegi.
  • Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
  • Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.

Argazkiak: Lagun Onak MB.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide