Joan zen asteburuan motorrak berotu zituzten Urrestillan, eta bihartik aurrera, jaietan murgilduko dira berriro herritarrak. Izan ere, San Joan bezpera asteartean egokitzen bada ere, eta jaietako ikurra den zuhaitza egun horretan sartuko badute ere, asteburuan ere izango dira festa ekintzak.
Bihar, ostirala, Benta Zaharreko Mutiko Alaiaken emanaldia izango da, 19:00etan hasita, eta gero, euskal selekzioaren pilota partidak Txikuri frontoian. Berez, eskuzko pilotari profesionalen partidak jokatu behar zituzten, baina bertan behera utzi zuten jaialdia, Aspek hartutako erabaki bat tarteko.
Dena den, pilotak izango du lekua aurtengo jaien atarian. Izan ere, Euskal selekzioa Urrestillatik mundura lelo hartuta, hiru partidako jaialdia egingo dute 21:00etatik aurrera. Lehen partida Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindezek jokatuko dute; bigarren neurketan Azketa eta Garmendia Etxeberriaren eta Irazustabarrenaren kontra ariko dira; eta hirugarrenean, Egigurenek eta Bernaolak Muruaren eta Elorzen aurka jokatuko dute.
Larunbatean, berriz, herri kirol erakustaldia izango da eguerdian, eta gauean kontzertuak. Naizena, Modus Operandi eta Fury DJaren emanaldia izango dira plazako agertokian. Astelehenean segituko dute festan; izan ere, Loretoko mendi buelta egingo dute aurrena, eta gero, Gukak umeentzako txokoa jarriko du.
Jaiak, ofizialki, San Joan bezperarekin hasiko dituzte. 21:00etan pregoia irakurri eta suziria botako dute, eta herri afaria eginda sartuko dute zuhaitza. Gero, San Joan sua piztuko dute, ohiturari segituz, eta gero Laket taldearen erromeria izango da. Gero, ekitaldiz betetako San Joan eguna, San Joan Txiki eguna eta San Joan hirugarrena ospatuko dituzte ostiralera bitartean, eta ostiralean bukatuko dira festak zuhaitzaren entierroarekin.
Hona hemen datozen egunetarako Urrestillan prestatu duten egitaraua:
Bihar, ostirala
- 19:00. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak.
- 21:00. Euskal selekzioaren pilota partidak, Txikuri pilotalekuan.
Etzi, larunbata
- 12:00. Herri kirolak.
- 21:30. Kontzertuak: Naizena, Modus Operandi, Fury DJa.
Ekainak 22, astelehena
- 10:00. Loretoko mendi buelta, eta goian trikitilariak alaituta.
- 17:30. Gukarekin umeen txokoa.
Ekainak 23, asteartea. San Joan bezpera
- 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
- Ondoren, herri afaria.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
- 00:30. San Joan sua piztu eta suaren inguruan dantzaldia.
- Jarraian, Laket taldearekin erromeria.
Ekainak 24, asteazkena. San Joan eguna
- 11:00. Trikitilari gazteen kalejira, buruhandiekin eta erraldoiekin.
- 11:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
- 12:00. Meza nagusia.
- 13:00. Buruhandiak.
- 20:00. Kontzertuak: Aiama, Fan&Go eta Indate DJa.
Ekainak 25, osteguna. San Joan Txiki Eguna
- 12:30. Sagardoa.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:15. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Haurren merienda.
Ekainak 26, ostirala, San Joan Hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.