Zabaldu dute Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 21a

Zabaldu dute Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria. (Nerea Uranga)

Aldundiak maiatzean adierazi zuen Ezkuztako zubiko obrak "bide onetik" zoazela, eta lan horiek ari dira fruituak ematen. Errepidea oraindik ez, baina zabaldu dute zubiaren azpiko bidegorria. 

Iazko abenduan obrei ekiteko prestaketak egin ondoren, urtarrilean hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak GI-631 errepideko saihesbidean, Zestoatik Azpeitirako sarreran, Urola ibaiaren gaineko zubia birgaitzeko lanak, eta ordutik antzematen dira eraginak errepidean zein zubipeko bidegorrian. Urte hasieratik, bide bat bat itxita dago Ezkuztatik gorako zubi horretan, eta semaforoekin zuzentzen dute trafikoa, pasoa txandaka emanez. Lanak egin ahal izateko, gainera, zenbait alditan errepidea erabat itxi behar izan dute. Era berean, zubipetik igarotzen den bidegorri zatia ere itxita egon da orain gutxira arte. Dena den, ostiralaz geroztik, zabalik dago bidegorria, eta, beraz, herritarrek erabil dezakete hura dagoeneko. 

Obrak hasterako, lanek sei hilabete iraungo zutela aurreikusi zuen aldundiak, baina oraindik amaitzeko daude. Dena den, aldundiak maiatzean adierazi zuen obrak "bide onetik" zoazela eta aurreikuspenak betetzen ari zirela. Erakundeak orduan azaldu zuen, era berean, obrak uztailerako bukatuta izatea nahi zutela. Bidegorria zabalduta, beraz, zubiko lanak amaitu eta errepidea erabat zabaltzea da orain falta dena.  

Bidegorria itxita zegoela eta, Gukak herritarrei galdetu zien horren inguruan. Hemen ikus daiteke otsailean argitaratutako bideoa. 

Herritar bat, gaur, bidegorrian bizikletarekin. (N.U.)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide