Santio egunez ohitura den gisan, atzo arratsaldean errekortarien txapelketa hartu zuen Azpeitiko zezen plazak. Harmailetatik begira jendetza zutela, punta-puntako hamabi errekortari aritu ziren nor baino nor, hiru txandatan banatuta. Txanda bakoitzeko onena sailkatu zen finalera, eta epaimahaiak ebatzi zuen Eusebio Sacristan Use izan zela denetan onena. Atzokoarekin, Azpeitian irabazitako zortzi txapel ditu Usek.
Haren atzetik, bigarren lekuan Pera sailkatu zen, hirugarrenean Ruso eta laugarrenean Valle. Azken horrek, gainera, bi sari eraman zituen etxera, harentzat izan baitzen Zezen Beltz saria ere.
Berezitasun gisa, txapelketa amaitutakoan, uztaien eta jauzien erakustaldia egin zuten Xabier Iturralde eta Unai Arellano errekortari azpeitiarrek. Bien artean pare bat uztai jarri zituztenean bukatu zuten saioa, herrikideen txalo zaparrada jasota.