Cristian Lay enpresak gaur ekin dio Amue eremuko Corrugados lantegia eraisteari. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, enpresak gaur hasi ditu herrigunearen erdian dagoen lantegia desmuntatzeko lanak, eta lekuan dute horretarako beharrezkoa den makinaria; Guka han izan da lanean ari zirela baieztatzen eta irudiak hartzen.
Duela dozena urte baino gehiago enpresa itxi zutenetik, azpiegiturak utzita izan dira, eta horien egoera okertzen joan da. Dena den, gaur hasi dira horiek eraisten. Lanak bukatzeko epeari dagokionez, uztailean esan zuen gisan, udalak gaur ere adierazi du enpresak urte eta erdiko epea aipatu duela, nahiz eta epe laburragoak ere izan zituzten lehenago ahotan: "Enpresak esan du posible ikusten duela urte eta erdian Corrugados Azpeitia zenaren eraikina botata egotea".
Udalak joan zen apirilean eman zuen eraisketa lanak egiteko baimena, eta gaur hasitako lanak hainbat fasetan gauzatuko dituzte. Lehenik, eraikina hustuko dute eta saneamendu lanak egingo dituzte, eta horien jarraipenaz eta kontrolaz Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun saila arduratuko da. Udalak adierazi duenez, erakunde horren oniritzia jasotakoan hasiko dira eraikinak botatzen. Dena den, erakundeak adierazi du eraiste lanak eremuka ere egin ditzaketela; hau da, gune bat saneatu ahala eraitsi.
Azpeitiko Udalak, gainera, gaur bertan zabaldu du sare sozialetan Corrugados lantegiaren barruan hartutako irudiekin osatutako bideo bat. Gukak ere eskatu zuen lantegira sartzeko baimena, udalaren bitartez, baina enpresaren ezezkoa jaso zuen. Udalaren bideo horretan Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, gaur hasitako lanekin "etapa berri bat" zabaldu da: "Badator herri erabilerarako Amue, eta gaurkoan pozik iragartzen dugu hasi direla Amue eraldatzeko obrak".
Soka luzea
2013ko abuztuaren 7an itxi zituen Alfonso Gallardok Corrugados Azpeitiaren fundizioko eta laminazioko lantegiak. 2020an Cristian Lay taldearen esku gelditu zen Corrugados Azpeitia, eta Layk herriguneko labea martxan jartzeko asmoa azaldu zuen, jarduera Txukutxora lekualdatu gabe. Hautsak harrotu zituen asmo horrek, eta Corrugados auziari bide eman zion epaitegietan.
Corrugados auzian atzera eginda, 2021eko maiatzaren 24an, udalak lantegia desmuntatzeko lanak hasi zirela jakinarazi zueneko biharamunean, Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia ez zuela irekiko jakinarazi zuen Cristian Lay taldeak; handik bi egunera taldearen zuzendari exekutiboak EITBri irekiera ez zuela guztiz baztertzen adierazi zion, baina enpresaren asmoak hor gelditu ziren.
2023ko irailaren 19an, Azpeitiko Udalak Corrugadosen Azpeitiko lantegiaren jarduna iraungitzat emanez eta alkate dekretuz hartutako erabakiaren kontrako epaia plazaratu zuen Donostiako Lehen Administrazio Auzitegiak, enpresaren jabeek jarritako salaketa ontzat hartuta. Udalak kontrako epaia jaso ondoren, erabaki horren kontrako errekurtsoa jarri zuen, eta uztailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen helegitea.
2024an onartu zuen Azpeitiko Udalak behin betiko Amueko eremurako Plan Berezia; behin-behinean onartu zutenean agerraldia egin zuen udalak. Plan horretan jasotzen den bezala, etorkizunean espazio horretan etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea da asmoa.