Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideek berri pozgarri bat emateko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean plazan; hain zuzen ere, Azpeitiko Gaztetxearen urteurreneko auzia behin betiko artxibatu dutela, eta horrenbestez, ez dietela inolako zigorrik jarriko auzipetutako 23 gazteei. Dena dela, nabarmendu zuten erresoluzio judiziala ez dela garaipena edo porrota markatzen duen elementua. Izan ere, haien ustetan, 2025eko uztailaren 19ko gertakarien bueltako auziaren helburuak sekula ez dira izan zigor ekonomiko eta penalak, beste batzuk bazik, eta horietan jarri zuten arreta atzoko agerraldian.
Xuban Salegi eta Kiara Angulo plataformako kideak izan ziren azalpenak eman zituztenak, dozenaka lagunen babesarekin. Haien esanetan, ezinbestekoa da duela urtebete pasatxoko gertakariak testuinguruan kokatzea, eta horren arabera balioestea, ez baitziren zerbait isolatua izan, "sasoi hartako gertakariak Euskal Herrian poliziak eragindako beste hainbat istilurekin batera eman baitziren". Ziurtatu zuten gertakari horiek guztiak herritarrei Polizia babesgabe dagoela ikusarazteko eta polizia gehiagoren beharra dagoela sinetsarazteko Poliziak berak eta Eusko Jaurlaritzak prestatutako kanpaina baten barruko ekintzak izan zirela, hedabideen ezinbesteko laguntzarekin; "kazetaritza ez baita marko neutral bat, eta hedabideak garbi posizionatu baitira diruaren alde, edozein printzipio zintzoren gainetik". Horiek horrela, eta atzo gaitzetsi zutenez, "momentuan behar zuten errelatoa sortu zuten, eta horretarako ez zien axola izan 23 pertsona auzipetu eta urtebeteko prozesu batera bidaltzeak".
Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideen arabera, kasu honetan euren garaipena ez da izan prozedura judiziala artxibatu izana. "Garaipenik handiena, nabarmen, kalean lortu duguna da". Horren adibidetzat jarri zituzten, besteak beste, plataforma bera sortzea eta iragan abenduan egin zuten manifestazio jendetsua. "Ehunka herritarrek eman zioten babesa dinamikari eta gaurkoan ere babes horrekin elkartu gara hemen. Ez da indar erakustaldi bat soilik, esanahi sakonagoa du honek guztiak, erakusten baitu Poliziak, Jaurlaritzak eta hedabideek sortutako errelato kriminalizatzaileak ez duela sinesgarritasunik herrian. Eta horrek, mahai gainean jartzen du, hain justu, salatzen ari garena: muntaia bat izan dela guztia".
Gaztetxearen urteurrenaren bueltako auzia artxibatu arren, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformaren lana oraindik guztiz ez dela bukatu adierazi zuten, oraindik zabalik jarraitzen baitu 2024an Voxen aurka mobilizatzeagatik ikertutako beste 20 azpeitiarren auziak. Horregatik, antolatuta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten atzoko agerraldian. "Urtebete honetan zerbait argi ikusi badugu, hori antolakuntzaren balioa da. Antolakuntzari esker lortu da auzipetuok munstroaren aurrean bakarrik ez geratzea eta kasuari aurre egiteko baliabideak edukitzea. Antolakuntzari esker lortu da muntaia honen errelato faltsua gezurtatzea. Eta antolakuntzari esker lortu da jasan genuen kriminalizazio basatiari aurre egitea eta Jaurlaritzari balazta jartzea". Horrela, herritar orori dei egin zieten "eskubide zibil eta politikoen alde tinko borrokatzera".