Azpeitikoopek eta Laboral Kutxak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Erabiltzailearen aurpegia AzpeitiKoop kooperatiba

Mikel Ugarte Azpeitikoopeko Kontseilu Errektoreko kide eta langilea eta Jennifer Orbegozo Laboral Kutxaren ordezkaria, atzo, Azpeitian, lankidetza hitzarmena sinatzen. (Azpeitikoop)

2028 bukaera arteko akordioa da. Finantza entitateak diruz lagunduko ditu Azpeitikoopek sustatuta edota lagunduta herrian sortzen diren kooperatibak. Azpeitikoopi urtero 2.000 euro emango dizkio, eta bazkide egin da.

Azpeitikoopek eta Laboral Kutxak 2028 bukaera arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, Azpeitian kooperatibismoa gehiago indartzeko asmoz. Azpeitikoopek sustatuta edota lagunduta herrian sortzen diren kooperatibei 1.000 euroko laguntza emango die Laboral Kutxa finantza entitateak –kooperatiba horiek bere bezero bihurtuko dira–. Azpeitikoopi urtero 2.000 euro emango dizkio, eta bertako bazkide egin da.

Hain zuzen, bi erakundeek atzo, azaroaren 5ean, sinatu zuten hitzarmena, Azpeitian: Laboral Kutxaren izenean, Jennifer Orbegozo Manterolak, eta Azpeitikoopen izenean, Mikel Ugarte Kontseilu Errektoreko kide eta langileak.

Azpeitikoopek aurtengo ekainean egin zuen aurkezpen ekitaldia, askotariko eragileen arteko prozesu baten ondorioz sortu ostean. Haren ildoetako bat da herrian kooperatiba berriak sortzea edo dauden ideiak eta egitasmoak kooperatiba bihur daitezen laguntza ematea, betiere helburutzat onura soziala eta ekonomikoa izanda. Azpeitian kooperatibismoa sustatzeko ekinbideak ere prestatzen ari da; adibidez, aste honetan bertan, kooperatibista berrientzako harrera plana aurkeztu du, Lurgintzarentzat egindakoa. Laboral Kutxaren xedeen artean dira, besteak beste, ongizatea eta ekintzailetasuna sustatzea.

Azpeitikoopek Azpeitiko Udalarekin eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin ere lankidetza hitzarmenak sinatuta ditu.

Zortzigarren kooperatiba bazkide

Laboral Kutxaz gain, Azpeitikoopen bazkide dira beste zazpi kooperatiba: Artxara, Bizik, Ekindar, Ikasberri, Kulturaz, Lurgintza eta UKT; zehazki, proiektuaren sorrera prozesuan parte hartu zuten zazpi horiek. Udazkenean bazkidetzako lehenengo kanpaina publikoa egingo du Azpeitikoopek, eta herritarrei, elkarteei eta beste kooperatibei zuzenduko zaie.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide