EAJk egindako ekintzaren bidez leporatu dizkiogunak arrazoituta gezurtatu ordez, akusazio horiek saihestu eta fokua desbideratzeko saiakera egin du, Azpeitiko Gaztetxearen jarduna infantilizatzearekin batera. Argudiorik gabeko akusazioz beteriko adierazpenei erantzutera gatoz, beraz, norbaiti EAJk palestinar herriaren aurkako genozidioan duen erantzukizunaren inguruan zalantzaren bat geratu bazaio ere.
Hasteko, ekarpen modura, datu gehiago gehituko ditugu: Eusko Jaurlaritzak palestinarrak hiltzeko erabiltzen diren hegazkin israeldarren mantenuaz arduratzen den ITP aero enpresan %6ko partehartzea du; eta Palestinako asentamendu ilegalak konektatu eta modu horretan kolonizazioa ahalbidetzen duen trenbidea eraikitzen ari den CAF enpresan, aldiz, %3ko parte-hartzea. Horrez gain, Lasaon zentro bat duen Tecnalia enpresako patronatuaren parte da, eta era berean, enpresa horren ohiko sozioak eta bezeroak dira, besteak beste, lehen aipaturiko ITP aero eta Sapa (Leonard tankeak ekoizten ditu)… Datuak soberan daude EAJk eta bera nagusi den Eusko Jaurlaritzak genoizidioaren gaineko erantzukizuna dutela esateko. Beraz, ez diezagutela esan ezjakintasunez egindako ekintza bat izan denik, oso ondo dakigu zertan ari garen.
Bestalde, Azpeitiko gazteok betidanik izan dugu kolonizazioaren aurkako eta Palestinaren askatasunaren aldeko konpromisoa, eta Israelen azken ofentsiba hau hasi zenetik aritu gara genozidioa salatzen eta zuek bezalako alderdi politikoen jarrera ekidistantea eta konplizea seinalatzen. Zuek denbora horretan erresistentzia gaitzetsi duzue, eta duela lau hamarkadatik sionistekin dituzuen harremanak mantendu. Beraz, ez esan gu Euskal Herriko genozidioaren aurkako batasuna haustera gatozenik.
Aurreko larunbatean Iruñean egin zen manifestazioan garbi geratu zen Euskal Herriak zer eskatzen duen: palestinar herriaren askapena, Israelen suntsipena eta hori gauzatzeko beharrezkoa den harremanen haustura. Zuek zarete Euskal Herritarren eskaera horiei uko egin eta urriaren 15eko lanuzte orokorraren aurka atera zaretenak, euskal ekonomiari kalte egiten diola argudiatuz, Israel defendatzen. Izan ere, pluraltasunaren izenean hitz egin arren, zuek, finean, euskal burgesiarentzako politikak eramaten dituzue aurrera, genozidiotik etekina ateratzen duten guzti horientzako politikak.
Gure ekintzarekin Palestina kaltetzen ari garela esaten diguzue, baina nola kaltetzen da Palestina, zuek bezalako oportunista batzuei balkoitik bandera kenduta ala palestinarrak erailtzen dituen industriaren parte izanda, bera babestuta, finantzatuta…? Eskuak odolez bustita dituzue. Hori dela eta, zuen izaera karitatiboaz harrotzen zarete, baina Palestinara laguntza humanitarioa bidaltzen duzuela esateak gure postura indartu baino ez du egiten; izan ere, zuen izaera hipokritaren eta aurpegi zuriketarako duzuen joeraren beste adibide bat baino ez da. Zuek egiten duzuena Amancio Ortegak Bangladeshera laguntza bidaltzearekin pareka daiteke.
Aspaldi erori zitzaizuen maskara, eta zuen burua zuritzeko saiakera honekin jada ez duzue inor engainatzen.
EAJ hipokrita.
Gora palestinar erresistentzia!